Politika -
DRILeko atentatua
'Begoña Urroz terrorismoaren biktima izan bada, baina ez ETArena'
Xavier Montanya kazetari katalanak desklasifikatutako Polizia-agirien edukia lortu du, eta baieztatu duenez, 1960ko Donostiako atentatua ETAri leporatzea "ez dauka oinarririk".
Luis Serón / Tais San José
1960an Donostian izandako atentatua ETAri egoztea "oinarririk gabeko bertsioa da", Xavier Montanya kazetariaren esanetan. Atentatu horretan 22 hilabeteko Begoña Urroz haurra hil zen. Ikerlari katalan horren iritzian, "Begoña Urrozek terrorismoaren biktima izaten jarraitzen du, baina ez ETAren terrorismoaren biktima, atentatu horren egilea DRIL izan zelako".
Luis Seronek Euskadi Irratirako esklusibaz egindako elkarrizketan Montanyak ikerketaren nondik norakoak azaldu ditu. "'Santa Maria' transatlantikoaren bahiketari buruz 'Askatasunaren piratak' izenburuko liburua idazteko, 2002an ikertzen ibili nintzen Espainiako Artxibo Nazionalean", adierazi du, "DRILari buruz Brigada politiko-sozialak 1960-1963 urte bitartean egindako buletinak aurkitu nituen, baina klasifikatuta zeuden. 50 urteren buruan, desklasifikatu zituztenean, bertara itzuli eta horien edukia lortu nuen".
DRILaren jatorria
"Venezuela, Kuba, Frantzia eta Belgikako, besteak beste, hainbat exilitu errepublikarrek osatutako DRIL (Askatasunerako Iberiar Direktorio Iraultzailea) Caracasen jaio zen 1950-1958 urte bitartean", azaldu du kazetariak, "frankismoaren eta Salazarraren diktaduraren aurka egiteko, sortzaileek borroka armatuari eustea erabaki zuten".
Horren harira, ETArekin harremana izateko aukera errefusatu du Montanyak, batez ere, arrazoi geografikoetan oinarrituta. Gainera, "Poliziak garai hartan zuen informazioaren arabera, ETA talde hasiberria zen, banderak erre, propaganda banatu eta kaleetan pintadak egiten zituena", gaineratu du.
Halaber, atentatua izan eta bi egunera atentatua aldarrikatu zuen Caracasen Enrique Galvao kapitainak. Are gehiago, "handik urte askotara, euren biografiak idazterakoan, DRILeko kide ugarik atentatua bere gain hartu zuten eta Espainian izandako bonba-kanpaina aipatu zuten sarritan".
Interes politikoak
"Azken bost urteetan ETAren autoretza zabaldu da, frogarik izan gabe eta auzia ikertzen ibili garen lagunori kasurik egin barik", deitoratu du kazetariak. "Atentatuaren egilea DRIL zela egiaztatzeko froga nahiko zeuden, baina orain auzia erabat argituta geratuta da".
"Baliteke horren atzean interes politikorik egotea", esan du Montanyak, "talde baten lehenengo biktima manipulatzen denean, historia osoa manipulatzen da".
Atentatu-katea
1960ko ekainean Donostian izandako atentatuaren egilea izan zen DRILeko talde armatua (Askatasunerako Iberiak Direktorio Iraultzailea), 1961ko Poliziaren agirien arabera, Xabier Montanya kazetariak zabaldu duenez eta Berriak igande honetan argitaratu duenez. Atentatuan Begoña Urroz 18 hilabeteko haurra hil zen eta beste bost lagun zauritu ziren.
Azken urteetan ETAri egotzi diote atentatu hori, baina orain zabaldutako txosten horiek autoretza argitu dute. 1961ko agiri horiei jarraituta, hainbat exiliatuk osatutako frankismoaren aurkako erakunde armatu horrek prestatu zuen atentatua. Halaber, egun batzuk geroago Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen izandako beste atentaturen egile ere izan zen.