Politika -
Elkarrizketa
Erkoreka:'Egonkortasun itunak ez du presarik, neurri ekonomikoek, bai'
Jaurlaritzaren bozeramaileak egonkortasunerako ituna eta lehendakariak alderdi politikoekin eta erakundeekin egingo dituen negoziaketak desberdindu ditu.
Manu Gimenez
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu du "egonkortasun itunak" ez duela "presarik", benetan "premiazkoa" arazo ekonomikoei aurre egiteko neurriak adostea dela, eta hor kokatu du Iñigo Urkullu lehendakariak erakundeekin eta alderdi politikoekin sortuko dituen bi negoziazio mahaiak.
Erkorekak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, alde batetik egonkortasunerako ituna dago, eta bestetik, lehendakariak atzo iragarri zituen neurri ekonomikoak (6 puntutan laburbilduak) eta bilera-sorta.
Jaurlaritzaren bozeramaileak argitu du oraindik ez dagoela datarik bilerak egiteko, baina "ahal den lasterren" egingo dituztela hitzeman du, neurri ekonomikoak ezin baitira "atzeratu, premiazko neurriak dira".
"Orain premiazko neurri ekonomikoei begira gaude, ez egonkortasunari begira. Eragile ekonomikoek eskatzen dituzten beharrei erantzun behar diegu, eta nahiz eta Jaurlaritzak neurriak bere kabuz hartzeko aukera izan, adostasuna badago, eraginkorragoak izango dira neurriak", gaineratu du.
Egonkortasunerako ituna
Egonkortasun ituna "legegintzaldi" osorako planteatu dutela zehaztu du Erkorekak, eta berretsi egin du "alderdi batzuek kanpoan" utzi dutela "beren burua", EH Bilduri erreferentzia eginez. Izan ere, Jaurlaritzarentzat ezin da uztartu egonkortasuna "Jaurlaritzaren aldaketa eskatzen duen greba orokorrarekin bat egiten duen alderdi batekin", bozeramaile jeltzalearen esanetan.
Horren harira, "harrigarria" iruditu zaio PSE-EEk PPrekin ituna egitea errefusatzea, "Lopez lehendakari izan bada PPri esker" izan delako. Horrez gain, Estatu mailan ere Rubalcaba PSOEren burua PPrekin ituna egiteko "ahaleginean" dagoela gogorarazi du.
Defizit muga
"Data zehatzik ez dago defizitaren inguruan. Lehenik Europak hartu behar du erabakia, eta ofizialki iragarri. Hilabete edo hilabete eta erdi barru argituta egongo da, eta orduan jakingo dugu nola joka dezakegun", azaldu du Erkorekak, defizit helmuga adosteko Madrilekin "aldebiko" negoziaketa egiten saiatuko direla azpimarratu aurretik.