Politika -

Eusko Legebiltzarra

Urkullu erakundeetako eta alderdietako buruekin elkartuko da itun bila

PP prest agertu da ituna Jaurlaritzarekin negoziatzeko, baina PSE-EEk uko egin dio PP tartean dagoelako.

Lehendakariak agerraldia egingo du Legebiltzarreko osoko bilkuran. Irudia: EiTB
Lehendakariak agerraldia egingo du Legebiltzarreko osoko bilkuran. Irudia: EiTB
Lehendakariak agerraldia egingo du Legebiltzarreko osoko bilkuran. Irudia: EiTB

Manu Gimenez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

12:55. Amaitu da lehendakariaren agerraldia. Eusko Legebiltzarrean aurrera jarraitzen du gaurko saioak, gai-ordenean agertzen ziren gainerako puntuekin.

12:51. Seigarren eta azken konpromisoa euskal sektore publikoa "erreformatzea eta berregituratzea" izango da. Legegintzaldi honetan sektore publikoa % 25 murriztea aurreikusten du.

12:50. Bosgarren konpromisoa autonomoei eta enpresa txikiei ekintzailetzan laguntzeko egitasmo batean datza, eta 5 milioi euroko funtsa aurreikusi du.

12:49. Laugarren konpromisoa enplegurako elkartasun funtsa izango litzateke. Bertan 40 milioi euro bideratuko lirateke langabezian denbora asko daramaten eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak kontratatzea sustatzeko.

12:48. Hirugarren konpromisoa ekonomia suspertzeko aparteko diru-funtsa sortzea izango da. 200 milioi euro izango lituzke aurten, eta ikerketara eta garapenera bideratuko litzateke, Bruselak defizit helburuak malgutzen dituenean beti ere.

12:47. Bigarren konpromisoa, iruzur fiskalaren kontrako borroka,. Horretarako, batzorde bat eratzea eta erakundeen artean datu guztiak trukatzea proposatu du.

12:46. Lehenengo konpromisoa erreforma fiskala adostea izango da, "PFEZ eta elkarteen gaineko zerga barne".

12:45. Urkulluk Patxi Lopezen jarrera kritikatu du PPrekin itunik ez duelako egingo, Estatuan "Rubalcaba Rajoyri Estatu ituna eskaintzen ari zaionean".

12:35. Lehendakariak itxiko du orain gaurko saioa. Egonkortasunerako itunaren inguruko azalpenak emango ditu.

12:33. Egibar EH Bilduren eta PSE-EEren ustezko gerturatzeaz: "Denbora gutxian ilegalizatzailea ilegalizatuarekin elkartu da, normalkuntza bide onetik doa".

12:29. Egibarren arabera, PSE-EEk eta EH Bilduk "bat egiten dute" EAJri kalte egiteko ekimenean.

12:25. Joseba Egibarrek (EAJ) itxiko du alderdien tartea.

12:24. "Herri hitzarmena egin behar da, ez EAJrekin, eragile sozial, ekonomiko eta politiko guztiekin baizik. Baina orain planteatzen dituzuen politika hauekin ez dago ateratzerik ezta zortzi urte barru krisi honetatik", gaineratu du Mintegik.

12:20. Estatus berriari buruz hitz egiten duenean zertaz ari ote den galdetu dio Urkulluri: "Etxea pintatzeaz ari zara edo etxe berria eraikitzeaz?".

12:18. Laura Mintegiren (EH Bildu) txanda.

12:15. Patxi Lopezek uko egin dio PPrekin eta EAJrekin egonkortasun ituna egiteari, PPrekin "inoiz ez" delako adostasunera iritsiko, "murrizketen sustatzaile nagusia" bera delako.

12:10. Patxi Lopezek ere bat egin du Quirogaren kritikarekin, eta egonkortasunerako ituna azkeneko agerraldian aurkeztea "iruzurra" dela salatu du.

12:06. Patxi Lopezena (PSE-EE) da hitza.

12:05. "Egonkortasunerako ituna egiteko prest gaude, baina Estatus berria aldarrikatu duzu. Hor ez duzu PPrekin topo egingo. Horixe da guk jartzen dugun marra gorria. Porrot egiten duzuen bakoitzean estatus hori aipatuko duzue", adierazi du Quirogak agerraldiaren amaieran.

12:03. "Herritarrek biktimismoa ikusiko dute, eta ohartuko dira ez direla haien arazoez konpontzen", gaineratu du.

12:01. Quirogak aitortu du "garai txarra" dela agintean egoteko, badakitela "zer den hori", Espainiako Gobernuari erreferentzia eginez; baina "egoerari aurre egiteko" eta "laguntzeko prest dauden bidelagunak" bilatzeko deia egin dio.

12:00. "Sinetsi ezazue Jaurlaritzan zaudetela, dagoeneko ez zaudete oposizioan, hasi lanean behingoz", adierazi dio Quirogak EAJri.

11:59. Urkulluren jarrera kritikatu du, azkeneko agerraldian aurkeztuko duelako egonkortasunerako ituna, gainerako alderdiei erantzuteko aukerarik eman gabe.

11:58. Arantza Quirogaren (PP) txanda da.

11:56. Maneiro: "UPyD da egonkonrtasunerako itunetik kanpo utzi duzuen alderdi bakarra, EH Bilduk bere burua baztertu duela esan baituzue".

11:54. Urkullu "erabateko bakardadean" dagoela berretsi du Maneirok. "Bost hilabete galdu" dituztela uste du.

11:51. "UPyDk ez du ezer blokeatzeko talde batean parte hartu", adierazi dio Maneirok Urkulluri: "Proposamenak egin ditugu aurrekontuez eztabaidatzerako garaian".

11:49. Maneirok (UPyD) hartu du hitza.

11:40. "Kritika asko jaso ditugu, baina konstruktiboak oso gutxi", gaitzetsi du lehendakariak. Alderdi guztiek "larrialdi egoeran gaudela eta akordioak beharrezkoak" direla esan dutela azpimarratu du, adostasunerako oinarri gisa.

11:39. "Zehaztasun maila handiko" gobernu-programa aurkeztu duela erantzun die Urkulluk Lopezi eta Mintegiri. Buruzagi sozialistari, gainera, aurreko legegintzaldian hroi egiteko gai ere ez zela izan gogorarazi dio.

11:32. Zentzu horretan, enpresa txiki eta ertainei emandako laguntzak eta enplegua sustatzeko egitasmoa aipatu ditu. Datozen bi hilabeteetan hainbat egitasmo garatuko dituztela azaldu du, aurreikuspenarekin jokatzen dutela erakusteko.

11:30. Jaurlaritzak "sailez sail" ekimen guztien berri eman duela azpimarratu du Urkulluk, oposizioak leporatutako "ekimen eza" ukatzeko.

11:26. Urkulluk ez die puntuz puntu erantzungo alderdiei, eta erantzun "orokorra" emango duela adierazi du. Horren harira, Gobernu programa "gardentasun osoz" aurkeztu duela eta Jaurlaritzaren lanak bide horretatik jarraituko duela hitzeman du.

11:20. Iñigo Urkullu lehendakariak oposizioko alderdiek azaldutakoaren laburpena egin du. Oraingoz, ez die erantzun.

11:14. Lehendakariak hartu du hitza, berriro.

11:12. Ekimenak aurrera ateratzeko "pazientzia politikoa" izan beharko dutela uste du Egibarrek, "batzuen jarrera" dela eta.

11:04. PSE-EEk Jaurlaritzaren kontra "blokeo estrategia" duela esan du Egibarrek, osoko zuzenketak Jaurlaritzaren aurrekontuetan bakarrik aurkeztu dituztelako, eta beste erakunde batzuetan ez.

11:01. Aurreko legintzaldiaren amaieran PSE-EE ere ez zela Aurrekontuak egiteko gai izan eta horregatik hauteskundeak deitu zituela gogorarazi dio Egibarrek Patxi Lopezi.

11:00. Egibarrek PSE-EEri eta EH Bilduri egotzi die Jaurlaritzaren akordioetara iristeko zailtasunen erantzukizuna, blokeatzeko ados jarri zirela iritzita.

10:58. Joseba Egibar EAJren bozeramaileak hartu du hitza.

10:56. "Hiru mito jausi dira lehenengo egun hauetan: kudeatzaile onak zirela, akordioetarako gaitasuna zutela eta modu bakarra dagoela politika egiteko ikuspegi nazionalistatik". Horixe esanda amaitu du agerraldia Mintegik.

10:55. Bake eta bizikidetzaren aldeko lana Legebiltzarreko lantaldean jorratzeko deia egin du.

10:52. Laura Mintegik larrialdi plan ekonomikoa proposatu du: finantzen euskal kontseiluan estabilitatearen legea adostea, fiskalitatea erreformatzea, murrizketarik ez egitea zerbitzu sozialetan.

10:48. AHTren lanetan enplegua sustatzeko ekimenetan baino 100 milioi euro gehiago inbertituko direla kritikatu du Mintegik. Horregatik, ez du sinisten Eusko Jaurlaritzak "pertsonak lehenesten dituela", are gehiago "politika sozialetarako aurrekontua % 62 murriztuta".

10:47. EH Bilduk salatu du Jaurlaritzak ez duela "sinesgarritasunik" enpleguaren sorkuntza aldarrikatzen duenean, enplegua sustatzeko aurrekontuak murriztu zituelako Aurrekontuetan.

10:45. "Printzipio adierazpen hutsa, oinarririk gabekoa da" Urkulluren gobernu-programa, Mintegiren esanetan. Horren harira, Aurrekontuek asmoen eta errealitatearen arteko "dibortzioa" agerian utzi duela azpimarratu du.

10:43. Mintegik kritikatu du Urkulluk ez duela legeen egutegirik aurkeztu. "Zehaztuasun falta" omen da Jaurlaritzaren ezaugarri nagusietako bat, "noraeza"rekin eta "aurreikuspenik eza"rekin batera.

10:42. Laura Mintegi EH Bilduren bozeramailearena da hitza.

10:36. Era berean, fiskalitatearen erreforma "zabala" aldarrikatu du Patxi Lopezek. "Ezinbestekotzat" jo du, erakunde sarea "eraginkortasunean" oinarrituta aldatzearekin batera.

10:35. "Zerbitzu publikoak eta laguntza sozialak blindatzeko ituna" sinatzeko eta "kaleratzeak gelditzeko eta enplegua sortzeko neurriak eta baliabideak" iragartzeko deia egin dio lehendakariari.

10:32. "Jaurlaritzak programarik ez duela utzi du agerian programaren aurkezpenean", horixe da Urkulluren agerraldiaren titularra, Lopezen ustez.

10:31. Lopezek "neurri zehatzak" eskatu dizkio lehendakariari, "orokortasunak eta eduki falta" alde batera utzita.

10:29. "Alderdiaren estrategiaren biktima izaten jarraitu ala lidergoa hartu eta babesak bilatu", horiek dira lehendakariak dituen bi bideak, buruzagi sozialistaren esanetan.

10:27. "Jaurlaritzaren porrotaren erakusgarria" izan da Aurrekontuak eztabaidatu ere egin gabe baztertu izana, Lopezen arabera.

10:26. Patxi Lopez PSE-EEren legebiltzarkidearen txanda.

10:21. "Prezio politikorik eta ordainik gabeko egonkortasunerako ituna" eskatu dio lehendakariari PPren legebiltzarkideak, itun horretan bat egiteko prestutasuna agertu aurretik.

10:18. Quirogak lehendakariari eta Jaurlaritzari leporatu die Aurrekontuak onartzeko "gai izan ez izana", "hasieratik uko" egin ziotelako akordioak egiteari. Hala ere, EH Bilduren, PSE-EEren eta UPyDren "blokeoa" salatu du.

10:16. "Oinarri politiko egonkorra" behar duela onartzeko deia egin dio Quirogak lehendakariari. Horretarako, "umiltasunez" babesak bilatzeko eskatu dio.

10:13. "Ekimen politikorik gabeko bost hilabete" izan direla berretsi du, Maneiroren ostean, Arantza Quiroga PPko legebiltzarkideak.

10:12. Maneirok salatu duenez, Urkullu "ez da gai izan bakea lortzeko, ekonomia suspertzeko, Aurrekontuak onartzeko, lidergoa hartzeko eta ezertarako".

10:09. Egonkortasunerako itunik ez duela egingo jakinarazi du UPyDk, "independentzia eta murrizketa sozialak" oinarri dituen proiekturik ez duelako babestuko. Erreforma fiskala aldarrikatu du ekonomia suspertzeko neurri gisa.

10:07. Era berean, gobernu-programa garatzeko nork babestuko duen galdetu du. Izan ere, bost hilabete eta gero "akordiorik ez" dutela lortu gogorarazi du.

10:06. "Independentziara bidean" zein izango duen bidelagun galdetu dio lehendakariari, eta gaur egun helburu horrek eta "legez kanpoko kontsultek" ez dutela lehentasunik adierazi du.

10:06. ETA amaitzeko, ETA garaitu beharra dagoela adierazi dio lehendakariari UPyDren legebiltzarkideak.

10:05. Aurrekontuen proiektua krisitik ateratzearen kontrakoa zela adierazi du Maneirok. Enplegua sortzeko eta hazkundea lortzeko ez zuela balio uste du.

10:01. Maneirok (UPyD) hartu du hitza lehenik, lehendakariaren ostean, eta EAJren Jaurlaritza "bakarrik" dagoela, eta Aurrekontuetan "babes bat bera ere ez" duela lortu salatu du.

09:57. Hori horrela, eta gobernu-programaren ildo nagusiak azalduta, lehendakariak ekarpenak egiteko deia egin die legebiltzarkideei.

09:54. Lehendakariak azaldu duenez, lantalde bat sustatuko dute Legebiltzarrean, autogobernu ereduaren inguruan testu bat idazteko eta gero galdeketa baten bitartez onartu ahal izateko.

09:50. Estatus berriari dagokionez, Estatutuan agertzen diren eskumenak "behingoz" transferitzea eskatu du, baina helburua "XXI. mendeko beharrei aurre egiteko autogobernu eredu berria" lortzeko lan egingo dutela iragarri du.

09:48. Bake justua, eta memorian oinarritua aldarrikatu du: "Iragana argitzea, normalizazioa eta elkarbizitza". Horren harira, giza-eskubideen urraketak egiaztatzeko txosten bat egingo dutela jakinarazi du.

09:47. "Ezinbestekoa" da, segurtasun zerbitzua herritarrengana hurbiltzea, Ertzaintzaren eredua aldatzea, Urkulluren esanetan. Polizia integralaren erduan aurrera egingo dutela hitzeman du.

09:42. Azpiegituren inbertsio publikoa, industrializazioa, zientziaren, berrikuntzaren eta garapenaren euskal mapa, eta nazioarteratzea, ekonomia sustatzeko indartuko dituzten eremuak.

09:40. "Hazkunde ekonomiko iraunkorra" izango da Jaurlaritzaren helburu nagusietako bat. Horretarako, enplegua izango omen da ardatz nagusiena, baina berrikuntza eta ekintzaileen babesa aintzat hartuta.

09:39. Hazkunde ekonomikoa, bakea eta elkarbizitza, eta "estatus juridiko berria", Eusko Jaurlaritzaren legegintzaldiko zutabe nagusiak.

09:37. Jaurlaritzak 16 lege-proiektu aurkeztuko ditu, eta beste bi, gainerako alderdiek aurkeztuak, "bere" egingo ditu.

09:33. Iñigo Urkulluk programa legegilea azalduko du lehenik. Gero gobernu-programa eta akordiorako proposamena azalduko ditu, hurrenez hurren.

09:32. Hasi da Eusko Legebiltzarreko saioa. Lehendakariak PSE-EEri eta PPri proposatu zien egonkortasunerako ituna eta Jaurlaritzaren gobernu-programa aurkeztuko ditu. EH Bildu eta UPyD akordiorako proposamenetik kanpo utzi zituen EAJk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea