Politika -
M18 plazara
Herrirak kartzela politika salatuko du Euskal Herrian eta atzerrian
200 protesta-ekitalditik gora deitu ditu Euskal Herriko plazetan, baina baita Bruselan eta Argentinan ere. Espainiako eta Frantziako estatuek presoekiko duten jarrera "inmobilista" salatuko dute.
Erredakzioa
Herrirak mobilizazioak deitu ditu maiatzaren 18rako Espainiako eta Frantziako estatuen kartzela-politika salatzeko, "inmobilismotik inboluziora" pasatu direla iritzita.
"M18 plazara" izeneko ekimena aurkeztu dute gaur Bilboko Guggenheim Museoaren ondoan. Beñat Zarrabeitia Herriraren bozeramaileak iragarri duenez, ekimenak 200 plaza baino gehiago beteko ditu Euskal Herri osoan, eta euskal gizarteak "gatazkaren" konponbidean parte hartzeko aukera "garrantzitsua" izango da.
Horren harira, Herriraren bozeramaileak azaldu duenez, ekimen horren bidez Espainiako eta Frantziako estatuen kartzela-politikari aurre egin nahi diote.
Hori horrela, kartzela-politika aldatu behar dela, presoen giza-eskubideak errespetatu behar direla eta "Euskal Herri baketsua" eraiki behar dela pentsatzen duten pertsonak deitu ditu mobilizazioetan parte hartzera.
Era berean, "arrazoi desberdinak medio" Euskal Herritik kanpo bizi direnei dei "berezia" egin die, aldarrikapenekin bat egin dezaten.
Izan ere, Herrirak mobilizazioak antolatu ditu Bartzelonan, Bruselan eta Argentinan, eta datozen egunetan atzerriko beste hiri batzuetako ekitaldiak baieztatu ahal izango dituzte.