Politika -
Bake eta bizikidetza lantaldea
EAJk, EH Bilduk eta PSEk oinarri bateratuak finkatzeko lan egingo dute
Lehen lan saioan dokumentuen trukea egin eta lan egutegi bat finkatu dutela adierazi dute partaideek.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarraren bake eta bizikidetza lantaldeak lehen bilera egin du astearte honetan, apirilaren 11n sortu eta gero. EAJ, EH Bildu eta PSE-EE egon dira bertan, eta "lehen fasean" denen artean "oinarri bateratuak finkatzeko" helburua ezarri dute.
Ordu eta erdiz bildu dira EAJko, PSE-EEko eta EH Bilduko ordezkariak. PPko eta UPyDko kideek, ordea, ez dute bertan parte hartu.
Bileraren ostean, ez dute komunikabideen aurrean hitz egin nahi izan, baina elkarri dokumentuak eman dizkiotela eta lan egutegi bat ezarri dutela iragarri dute. Datorren bilera maiatzaren 13an egingo dute.
Halaber, lan metodologia ere finkatu dute. Ildo honetan, lehen fasean "oinarri bateratuak" zehaztuko dituztela esan dute, hori aintzat hartuta, "iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnarketa sakonagoa" egiteko.
Behin "oinarri bateratuak" lortuta, epe zehatzik jarri gabe, alderdiek agerraldi batean euren proposamenak aurkeztuko dituztela azaldu dute.
EH Bilduk bere lehentasunak azaldu ditu lau puntuko dokumentu batean; tartean espetxe politika aldatzea.
Gainerako puntuak memoria "osoa" izatea ("gertatu diren gauza guztiak kontuan hartzea, kanpoan ezer utzi gabe"), "alde guztiek" euren erantzukizunak onartzea eta "inposaketarik gabe" bizikidetza espazioak sortzea dira.
PSE-EEko eta EAJko ordezkariek, bestalde, aurreko legegintzaldian adostutako txostena jarri dute mahai gainean, abiapuntua hori izan dadin.
Horren arabera, bakea lortzeko, indarkeriaren injustizia, eragindako mina eta biktimen duintasuna onartu behar dira. Azkenik, aro berria soilik ETA behin betiko desagertuta ezarriko dela jaso zuten dokumentu horretan.