Politika -
Ustezko kalumniengatik
Barcinak Kontuz! elkartearen aurka jarritako kereila artxibatu dute
Orain hilabete eta erdi jarri zuen Barcinak kereila elkartearen eta horren bozeramailearen aurka. Epaiari hala ere, helegitea jar diezaioke Nafarroako Gobernuko presidenteak.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Kontuz! elkartearen aurka ustezko kalumniengatik eta irainengatik jarritako kereila artxibatu du Iruñeko instrukzioko 4. epaitegiak.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak kereila jarri zuen iraintzea eta salaketa faltsuak egitea leporatuta, Fiskaltzak Kontuz! elkarteak ustezko informazio pribilegiatuagatik jarritako salaketa artxibatu ostean. Epaiari hala ere, helegitea jar diezaioke Barcinak.
Orduan alkate zen Yolanda Barcinak Nafarroako Kutxako etxebizitzak erosi zituen enpresa batean 50.000 eurorekin parte hartu zuela salatu zuen Kontuz! elkarteak, geroago, entitateari alokatzeko. Operazioa CANeko Kontrol Batzordeko kide zenean egin zuela salatu zuen.
Nafarroako Fiskaltzak amaitutzat jo zuen salaketa, eta orduan, Yolanda Barcinak elkartearen aurkako kereila iragarri zuen.