Politika -

Hitzaldia Forum Europan

Urkulluk 'egonkortasun itun' bat eskaini die PSEri eta PPri

Lehendakariak baztertu egin du EH Bildurekin eta UPyDrekin akordioa bilatzea, eredu ekonomiko eta sozial bateraezinak dituztela iritzita.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Forum Europa gosari informatibian. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, Forum Europa gosari informatibian. EiTB
Urkulluk 'egonkortasun' itun bat eskaini die PSEri eta PPri

1:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak "herrialde mailako egonkortasun itun" bat eskaini die PSE-EEri eta PPri, eta oposizioak "blokeoa" eginda ere Eusko Jaurlaritzak "aurrera" egingo duela ohartarazi du.

Urkulluk Bilbon, Forum Europa gosari informatiboan, igorri die akordioa lortzeko gonbita sozialistei eta popularrei. Lehendakariak errefusatu egin du EH Bildurekin eta UPyDrekin akordioa bilatzea, eredu "ekonomiko eta sozial" bateraezinak dituztela iritzita.

Horren esanetan, "zintzotasunez" aitortu behar du ez duela akordioa lortu aurtengo Aurrekontuen inguruan, eta "errealismorik" ez izatea egotzi dio oposizioari: "Krisiaren irteera ez dago gertu oraindik, eta arazoa larritzen ari da, egoera errealismorik gabe ikusten baitute".

Horren ildotik, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektua adosteko "esfortzuak" egin dituela esan du Urkulluk, baina talde parlamentarioak ez direla "errealismoz jokatzeko gai" izan deitoratu du: "Ez dugu akordioa eta egonkortasuna lortu, akordioa lortzea bi alderen kontua baita; ez gara oposizioaren blokeoa hausteko gai izan".

"Bermeoko espiritua"ri eusteko deia egin du, eta Bruselara egindako bidaian "Euskadiren etorkizuna Europa" dela berretsi duela nabarmendu du.

Bake plana, ekainean

"Bakea, giza eskubideak eta bizikidetza" jorratzen dituen plan bat aurkeztuko du ekainean, eta, horrekin batera, Oroimenaren eta Bizikidetzaren Institutua sortzeko proposamena ere zehaztuko du.

Gainera, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari espetxe politika "errealitate berrira pausoz pauso egokitzeko" proposamen "zehatz" bat helarazi diola azaldu du.

Hain zuzen ere, berarekin batzartu zenean eman zion proposamena, baina Rajoyk ez zion "esperotako erantzuna" eman. Hala ere, "lanean" jarraituko duela esan du.

"Bilbao Basket ez da pribilegiatua"

Azkenik, Urkulluk babesa agertu dio Bizkaiko Aldundiari, gainerako alderdien artean polemika handia piztu badu ere, Bilbao Basket taldea erreskatatzeagatik.

Horren haritik, Aldundiak "ganoraz" jokatu duela adierazi du, eta ez du uste saskibaloi kluba "pribilegiatua" denik.

Aldundiak 5,2 milioi euroko laguntza onartu du Bilbao Basketentzat. Horietako 1,5 milioi dirutan emango dizkiote, eta gainerako 3,7 milioiak, zorra kitatuta.

Urkulluk gogorarazi duenez, Aldundiak lankidetza itun bat sinatu zuen taldearekin, 2013-2016 urteetarako, eta, beraz, "konpromisoa bete" egin behar du. Dena dela, hurrengo urteetan laguntza gehiagorik izango ez dutela ohartarazi die klubaren kudeatzaileei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea