Politika -
Elkarrizketa
Eguiguren: 'Hildakorik gabe, Estatuari ez zaio Euskal Herria axola'
PSE-EEren presidentearen esanetan, Estatuak "betebeharrak" ditu, eta horietako bat da "Estatuan bizi den jendearen arteko bizitza baketsua sustatzea".
M.G
Jesus Eguiguren PSE-EEren presidenteak salatu du Espainiako Estatuak ez duela "ez atzera ez aurrera" egin bake prozesuan; izan ere, "hildakorik ez dagoenez, Estatuari ez zaio Euskal Herria axola".
Eguigurenek Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "euskaldunok badaukagu bakerako trantsizioa egiteko eskubidea, baina nahiago dute gauzak usteltzen utzi, ezer egin gabe".
"Herri txikia gara eta lehengo gauzak gertatzen ez direnez, gutaz ahaztu dira. Beren aldetik ez dute ezer jarri nahi", gaineratu du.
Hala ere, ez du uste ETAk eta Espainiako Gobernuak mahai baten inguruan eserita negoziatu behar dutela, "borondate politikoa eta behin betirako desagertzeko borondatea egonda, mila mezulari baitaude elkarrizketa egiteko".
Kartzela politika
Gernikako Udalak eta Gernika Gogoratuz elkarteak buruzagi sozialista eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea bakegintzan egindako lanagatik sarituko dituztela eta, Egugiurenek Otegik preso jarraitzea salatu du, "bakearen alde jarduteagatik" sartu zutelako preso, eta "betiko moduan jardun balu kanpoan" egongo litzatekeela iritzita.
Estatuak "orain arte hartu diren neurriak berrikusteko eta legeak beste ikuspegi batekin interpretatzeko obligazioa" duela uste du Eguigurenek, presoen sakabanaketari eta 'Parot doktrina'ri erreferentzia eginez.
Izan ere, bestela, "ezer ez duela egiten ikusten badugu, mendeku izpiritua duela susmatuko dugu, eta lehen gertatzen zena berdin zitzaiela pentsatuko dugu", adierazi du PSE-EEren presidenteak Gobernuaren jarrera kritikatzeko.
"Jendeak ez ditu gauzak ahazten, eta jendeak ikusten badu batek pausoak ematen dituela, eta besteak ez, Estatuaren kontra jarriko da", gaineratu du.
Biktimak
"Espainian inor ez da akordatu benetan biktimekin", salatu du Eguigurenek. Izan ere, buruzagi sozialistak aparteko garrantzia ematen die biktimen seme-alabei, hor "izugarrizko zauria" dagoelakoan: "Horiek dira garrantzitsuak, gureak jada ez dugu konponbiderik. Espainian ez dira horietaz kezkatu, ahaztu egin dira".