Politika -
Gernikako bonbardaketa
Gernikak Egiguren eta Otegi saritu ditu bakearean alde lan egiteagatik
Gernikako biztanleek bonbardaketaren biktimak gogora ekarriko dituzte gaur, hainbat ekitalditan.
Erredakzioa
Gernikako herritarrek 1937. urteko apirilaren 26an Condor legioak egindako bonbardaketaren biktimak omenduko dituzte gaur, "bizitzaren aldeko eta gerraren eta indarkeriaren aurkako oihua" izango diren hainbat ekitalditan.
Ekitaldi horien baitan, Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteari eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiari Bakearen eta Adiskidetzearen IX. sariak eman dizkiete, bakea eraikitzeko egindako ekarpenengatik.
Golardoak, baina, Maria Eguiguren eta Garazi Otegi alabek hartu dituzte. Izan ere, Otegi ezin izango da joan, Logroñoko espetxean baitago, eta Eguigurenek uko egin dio joateari, protagonismo osoa ez erakartzeko.
Maria Eguigurenek biktimen alde "otoitz" egiteko eskatu die "euskal herritarrei eta espainiarrei", eta "bakearen alde lanean" aritu direnak "kartzelatik ateratzeko" deia egin du.
Saria jaso ostean, 13 urte dituen Maria Eguiguren Lizeo Antzokiko ikus-entzuleei zuzendu zaie: "Badakit zer den gorrotoa, badakit zer den 'nahiago nuke hilko balitz' entzutea. Gorrotoa infernua da, eta zerua, bakean bizitzea".
Horregatik, "bakearen alde lan egin dutenak, Arnaldok ere bai", libre behar dutela azpimarratu du. Era berean, lehendakariek bakearen alde egindako lana goraipatu du, "denek egin baitute ahal izan dutena". Hala ere, Patxi Lopezek "lortu" duela zehaztu du.
Otegiren gutuna
Arnaldo Otegi Batasunaren bozeramaile ohiaren gutuna irakurri dute ekitaldian, eta "herria denon artean eraikitzeko" deia egin du, ideologiak aintzat hartu gabe eta giza-eskubideen errespetua oinarri hartuta. "Guk bezala pentsatzen ez dutenak ere herriaren parte dira", gaineratu du.
Egigurenek eta Otegik 2006. urtean abiatutako bake prozesua sustatu zuten eta Gernika-Lumoko Udaleko alderdi politikoek, Pforzheim herri alemaniarreko alkateak, Gernika Gogoratuz Fundazioak, Kultur Etxeak eta Bakearen Museoak erabaki zuten saria ematea.
Gutunean, Otegik dio elkarrizketa horiek "kalkulu politiko" gabe egin zituztela eta bakea lortzeko akordioak bilatzea zela helburua; horregatik, "fruituak eman" zituela, baina "oraindik jasotzeke" daudela aitortu du.
"Alderdikeriak eta sektarismoak" baztertzeko eta "herriari hitza emateko" garaia dela aldarrikatu du Otegik.
Familiak eta lagunek emandako babes eskertu ondoren, Eguigurenek egindako lana goraipatu du buruzagi abertzaleak, "bere konpromisoak eta leialtasunak" eraman dutelako "Euskal herria dagoen lekura".
Ezker abertzaleko beste kide batzuen lanarekiko esker ona ere izan du, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez berekin batera preso daudenekiko bereziki.
Adamsen eta Esquivelen gutunak
Beste bi gutun ere irakurri dituzte ekitaldian, Gerry Adams Irlandako Sinn Fein alderdiaren presidentearena bata, eta Adolfo Perez Esquivel 1980ko Bakearen Nobel saridunarena bestea.
Adamsek adierazi duenez, Otegiren "lan politikoak" lortu du, besteak beste, Euskal Herria "demokraziaren eta bakearen bidean sartzeko baldintzak sortzea".
Sinn Feinen presidenteak garai berri bat hasi izana goraipatu du, horrek posible egingo baitu "autodeterminaziorako eskubidea, kanpoko eskuhartzerik gabe".
Bestalde, Adolfo Perez Esquibel Bakearen Nobel saridunaren idatzi bat irakurri dute ekitaldian. Esquibelek idatzi horretan adierazi duenez, "justua" izan da "Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari irtenbide duina ematearen alde sendotasunez jardun dutenei" saria ematea.
Ekitaldi gehiago
Memoria historikoa berreskuratu nahian, beste hainbat ekitaldi egingo dituzte, Gernikako bonbardaketaren 76. urteurren honetan.
Besteak beste, George Steer kazetaria zena omenduko dute (nazioarteko hedabideei bonbardaketaren berri eman zien); hilerrian lore-sortak utziko dituzte, biktimen omenez, eta manifestazio isil bat egingo dute, kandelak eskuan.
Gaur, gainera, Bakearen Museoak bisita gidatuak eskainiko ditu, eta "Gernika Sutan" kale-antzezlana ikusgai izango da, herriko hainbat tokitan.
Bestalde, Nagasaki, Tsuchizaki (Japonia) eta Desdre (Alemania) herrietako ordezkariek bakearen aldeko itun bat sinatuko dute, Gernikan. Iaz, Hiroshimak (Japonia) ere sinatu zuen. Bonbardatu egin dituzten herriak dira guztiak.