Politika -

Capbretongo hilketak

Biziarteko kartzela-zigorra ezarri diote Mikel Carrera Saroberi

Saioa Sanchezi 28 urteko kartzela-zigorra ezarri diote; Asier Bengoa, berriz, absolbitu egin dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Carrera Sarobe Ata ETAko kideari biziarteko kartzela-zigorra ezarri dio gaur Frantziak, 2007ko abneduaren 1ean, Capbretonen, Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hiltzeagatik. Horrela, Sarobek gutxienez 22 urteko espetxe-zigorra bete beharko du.

Bestalde, Saioa Sanchez Iturregi Hintza-ri 28 urteko kartzela-zigorra ezarri dio, eta zigorraren bi herenak espetxean bete beharko ditu. Asier Bengoa Lopez absolbitu dute, baina 15 urteko kartzela-zigorra bete beharko du beste kargu batzuengatik.

Beste lau auzipetuei espetxe-zigorrak ezarri dizkie auzitegiak, nahiz eta Capbretoneko gertakarietan zuzenean inputaturik ez egon.

Besteak beste, Garikoitz Aspiazu Rubina Txeroki-ri 9 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Carrera Saroberekin batera buruzagi terrorista izateagatik. Horrela, Txeroki-k eta Ata-k dagoeneko zenbait zigor pilatu dituzte Frantzian, eta 30 urteko espetxealdia gaindituko dute. Txeroki-k 20, zortzi eta sei urteko zigorrak ditu Frantzian. Carrera Sarobek, ostera, 20 urteko beste zigor bat du, duela sei aste ezarri zioten Parisen.

Ibon Goieaskoetxea Arronategiri zazpi urteko zigorra ezarri diote epaileek, bost urte Eider Uruburu Zabaletari eta beste bost Iratxe Sorzabal Diazi. Uruburu sei urteko beste zigor bat betetzen ari da eta Sorzabal ihes eginda dago.

Magistratuak erabaki bat hartzeko bildu baino lehen, akusatuek agiri bat irakurri dute. Akusatuek Guardia Zibila gogor kritikatu dute. Gainera, Pariseko Auztegiak epaitzeko legitimitaterik ez duela esan dute ("Frantziako Estatua ordezkatzen duelako"). Testua Goieaskoetxeak irakurri du. 2011ko urrian ETAk "aro berri bati" hasiera eman ziola azaltzen du agiriak, "Capbretoneko gertakari lazgarririk berriz ez errepikatzeko".

Fiskaltzaren eskakizuna

Frantziako Fiskaltzak biziarteko kartzela-zigorra eskatu zuen Mikel Carrera Sarobe Ata-rentzat eta 30 urteko kartzela-zigorra Saioa Sanchezentzat eta Asier Bengoarentzat.

Hilaren hasieran abiatu zuten Parisen ETAko zazpi ustezko kideren epaiketa, 2007. urteko abenduaren 1ean Capbretonen Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hiltzea egotzita.

Hirugarren egilea falta da

Krimenaren hirugarren egilearen izena ezagutzea falta dela uste du ETAk hildako bi guardia zibilen familien abokatuak.

"Hirugarren egilekidearen itzalak prozesu honetatik ihes egin du", adierazi du Berenger Tourne abokatuak Pariseko Auzitegian.

Tourneren hitzetan, familientzako "auziak zabalik jarraitzen du, nahiz eta guztia argitzeko itxaropen txikia izan". Ondorioz, epaiarekin "zauri berria zabaldu dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea