Politika -

Polizia-ereduaz, Euskaldunan

Ertzaintzak gizartean onarpen maila altua izatea nahi du Jaurlaritzak

Bestalde, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ohartarazi duenez, ez du zentzurik "garai berri batean bizi garela esateak, ez bagaude zaharberritzeko prest".

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua. Argazkia: Efe
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua.
Ertzaintzaren eredu berria publikoki aukeratu ahal izatea eskatu dute

0:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak "prebentzioan" oinarritutako Ertzaintza aldarrikatu du, eta "gizartean eta profesionalen artean onarpen maila altua" lortzea jarri du helburu. Era berean, ohartarazi du ez duela zentzurik "garai berri batean bizi garela esateak, ez bagaude zaharberritzeko prest".

ErNEk Bilboko Euskalduna Jauregian polizia-ereduari buruz antolatu dituen jardunaldietan, Beltran de Herediak azken 30 urteetan "herri honen alde lanean" jardun duten ertzainak izan ditu gogoan eta bere esker ona agertu die.

Segurtasun sailburuak azpimarratu duenez, "oraindik ez dira ETAren mehatxu terroristaren faktore guztiak desegin", baina "garai berrian gaude" eta, ondorioz, "beharrezkoa da ordulariak egokitzea, garaiak ihes egin ez diezagun".

Izaera taktiko eta estrategikoa izango duen eta "prebentzioan" oinarrituko den Polizia aldarrikatu du Beltran de Herediak.

Sailburuak adierazi du bost zutabe izango dituela legegintzaldi honetako Ertzaintzak: gertutasuna, konfiantza, konpromisoa, talde lana eta etengabeko ebaluazioa. Zutabe horiekin Ertzaintzak "2016rako gizartean eta profesionalen artean onarpen maila altua" izatea espero du Jaurlaritzak.

Iñigo Gogoan

Bestalde, Iñigo Gogoan plataformak protesta egin du eguerdian Euskalduna Jauregiaren parean, Ertzaintzaren jardunaldiak "eskuak garbitu gabe aurpegia garbitzeko" antolatu dituztela salatzeko.

Ertzaintzaren gomazko pilota batek jota hil zen Iñigo Cabacas Athletikzalearen aldeko plataformak salatu duenez, Cabacas hil eta urtebetera "ez dute pairatzen dugun eredu poliziala kritikatu, eta ez dute orduko neurriz kanpoko ekintzen inguruko salaketarik egin".

Plataformaren arabera, Ertzaintza "ezin da izan egungo polizia ereduaren norabidea erabakitzen duena. Poliziak aukeratzen badu eredua, Estatu polizial batean gaude".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea