Politika -
Legebiltzarreko Batzordean
Jaurlaritza:'Ertzaintza berregituratzeak ez du polizia-etxerik itxiko'
Estefania Beltran de Heredia sailburuak iragarri duenez, 454 kide gehiago bideratuko dituzte Herritarren Segurtasuneko Dibisiora ekainetik aurrera.
Erredakzioa
Segurtasun Sailak Ertzaintzan egin nahi duen barne berregituraketaren ondorioz ez dute polizia-etxerik itxiko ezta polizia zerbitzurik murriztuko ere, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak baieztatu duenez.
PSE-EEk eskatuta, agerraldia egin du Beltran de Herediak Legebiltzarreko Batzordean, 'Ertzaintzaren Plan Estrategikoa-2016 Ortzimuga' egitasmoaren berri emateko. Ertzaintza berregituratu eta egungo beharrei egokitzeko neurriak biltzen ditu planak.
Sailburuak azaldu duenez, Ertzaintzaren dibisioak bostetik bira murriztu nahi dituzte, eta ''zenbait polizia-etxeren kudeaketa koordinatu eta bateratua'' egitea aztertzen ari dira (Azkoitia eta Zarautz, Gipuzkoan; eta Basauri eta Galdakao, Bizkaian).
Halaber, Ertzaintzak 454 kide gehiago bideratuko ditu ekainetik aurrera Herritarren Segurtasuneko Dibisiora, Beltran de Herediak aurreratu duenez. ''Segurtasun Sailak abian jarritako berregituratzeari esker, bi hilabeteko epean, eta 23. promozioko 221 ertzainak lanean hastearekin batera, Herritarren Segurtasunerako Dibisioan 400 kide berri baino gehiago izatea lortuko dugu'', nabarmendu du sailburuak.
''Laguntza Unitatearen desagerpena zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko barne kudeaketako erabaki bat da. Inola ere ez du ekarriko zerbitzua kaltetzea, polizia-etxeetako langileak izango baitira aurrerantzean zerbitzua eskainiko dutenak. Kontuan izan behar da, hain zuzen ere, polizia-etxeetan bertan eramaten dituztela aurrera biktimen espedientak genero eta etxeko indarkeriaren ardura duten lantaldeek'', nabarmendu du Segurtasuneko sailburuak eta Ertzaintzak mehatxupean diren emakumeekiko duen konpromisoa azpimarratu du.
ERNE eta ELA sindikatuen protesta
Beltran de Herediaren adierazpenen aurretik, polizia-etxeak ixteko ustezko asmoen kontra protesta egin dute Ertzaintzan gehiengoa duten ERNE eta ELA sindikatuek, Ertzaintzak Erandion duen egoitza nagusiaren aurrean.