Politika -

Iñigo Cabacasen heriotza

'Cabacas auzia'rekin lotutako ertzainek lanean jarraituko dute

Segurtasun Sailak zehaztu duenez, Iñigo Cabacas hiltzea eragin zuen kargan parte hartu zuten ertzainek administrazio-lanak egingo dituzte, auzia argitu bitartean.

Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Argazkia: EITB
Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Argazkia: EITB
Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Cabacas auzia'rekin lotuta egoteagatik apartatutako sei ertzainek administrazio-lanak egingo dituzte Ertzaintzak Bilbon duen komisarian. Hala jakinarazi die Segurtasun Sailak sindikatuei.

Sindikatuetako iturrien arabera, agenteei oraindik ez dizkiete lan berriak ezarri, baina aipatu ertzainek administrazio funtzioak egingo dituzte auziaren instrukzioa amaitu bitartean.

Halaber, Segurtasun sailak Bilboko egoitzan jarraitu ala Erandiko (Bizkaia) zentralera joateko aukera eman die agenteei, baina Segurtasun Saileko iturriek azaldu dutenek, orain arte agenteetako batek ere ez du Erandiora joatea eskatu.

2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak egindako karga batean Iñigo Cabacasek buruan gomazko pilotakada bat jaso zuen; apirilaren 9an hil zen. Ertzaintzak izan zuen jokabidea ikertzen ari dira orain.

Joan den apirilaren 19an, karga hartan parte hartu zuten sei ertzain kargutik kentzeko erabakiaren berri eman zuen Eusko Jaurlaritzak.

Neurri hori Gara egunkariak argitaratutako grabazioen ostean iritsi zen. Grabazio horiek zalantzan jarri zuten Ertzaintzak apirilaren 5eko kargan izan zuen jokabideari buruzko bertsio ofiziala.

"Sekretupeko grabazio batzuk publiko egin izana, kaltetutako funtzionario publikoen ohiko lana baldintzatzen du", argudiatu zuen Segurtasun Sailak.

Beraz, kargutik kendutako sei ertzainek ezingo dituzte "segurtasun funtzioak" egin, baina bitartean administrazio-lanetan arituko dira Bilboko komisarian, Estefania Beltran de Herediak zuzentzen duen sailak erabaki duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea