Politika -

2013. urterako Aurrekontuak

Oposizioak akordioa lortzeko 'borondaterik' ez duela esan du Urkulluk

Lehendakaria Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin batzartu da Bruselan.

Jose Manuel Barroso eta Iñigo Urkullu. Argazkia: ec.europa.eu/
Jose Manuel Barroso eta Iñigo Urkullu. Argazkia: ec.europa.eu/
Lehendakariak atzerrirako lehen bidaia abiatu du

1:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak salatu duenez, oposizioak ez du "borondaterik" aurtengo Aurrekontuak adosteko, eta, hortaz, ostiralean, Eusko Legebiltzarrean, osoko zuzenketen eztabaida egin eta gero, Euskadiren egonkortasuna bermatzeko "alternatibak" bilatuko dituela aurreratu du.

"Eusko Jaurlaritzak erabateko borondatea du akordioak lortzeko", nabarmendu du lehendakariak, Bruselan Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin batzartu eta gero.

Urkulluk gogorarazi duenez, "talde parlamentario guztiei" txosten bat igorri die, eta bertan politika fiskalak eta sozialak eta industria plan bat adostea eskaini die.

"Ostirala arte negoziazioetatik kanpo egongo banaiz ere, EAEko egonkortasunerako beharrezkoak diren alderdi batzuen borondatea ez da Jaurlaritzarena beste", esan du, alderdi zehatzik aipatu gabe.

Oposizioko talde guztiek (EH Bildu, PSE, PP eta UPyD) osoko zuzenketak aurkeztu dituzte. Eztabaida ostiralean egingo dute, eta EAJk ez du indar nahikorik zuzenketak atzera botatzeko.

Bidaia Bruselara

Urkullu Bruselara joan da, eta bertan izango da gaur eta bihar, Europako erakundeen ordezkari nagusiekin hainbat bilera izateko.

Bilera horietan, bere gobernu programaren eta Euskadiko ekonomia, gizarte eta politikaren berri emango du. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko dituen planak azalduko ditu.

Gaur, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko (EB) presidentearekin, Joaquin Almunia presidenteorde eta Lehiaren Europako komisarioarekin eta Cecilia Malmstron Barne Gaietarako komisarioarekin bildu da, eta bihar Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin egingo du.

Durao Barrosori eskatu dio Espainiaren eta Euskadiren defizit muga "erlaxatzeko", inbertsiorako eta hazkunde ekonomikorako tartea izateko.

"Europar Batzordeko presidenteak ondo hartu du prosamena, baina defizit muga erlaxatzearen inguruan erabakirik ez dagoela esan du, datozen egunetan hartuko dute", azaldu du Urkulluk hedabideen aurrean egindako agerraldian.

Celia Malmstrom Komisariarekin bilea

Durao Barroso presidentearekin izan eta gero, Cecilia Malmström Barne Arazoetako Europako komisarioarekin bildu da lehendakaria. Abian den bake-prozesuak "atzera bueltarik gabea" dela konbentzituta dagoela adierazi dio lehendakariak Malmström komisarioari. Halaber bakea eta euskaldunon etorkizuna "oinarri sendoen gainean" eraiki behar direla gaineratu du. Joaquín Almuniarekin bileraOndoren, lan-bazkari batean elkartu da lehendakaria Europako Lehiako komisario Joaquin Almuniarekin, Europar Batzordearen egoitza nagusian. Komisarioarekin batera aztertu du lehendakariak bere gobernu-programan diseinatutako austeritate-sasoiko hazkunde-politika, eta bien artean landu dituzte Europak krisitik irteteko dituen erronka nagusiak.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek Bruselan zabalik dituzten estatu-laguntzen espedienteen egoera aztertu dute. Pozik agertu dira horien bilakaera ona ikusirik eta, halaber, halako espedienteen kopurua duela zenbait urte baino txikiagoa delako.

Euskal komunitatea

Iñigo Urkullu lehendakaria Bruselako euskal komunitatearekin elkartu da Eusko Jaurlaritzaren Bruselako egoitzan, arratsaldean, Belgikako hiriburura egiten ari den bidaia instituzionalaren barruan. Iñigo Urkulluk nabarmendu du bertara egin duela Euskaditik eta Espainiako Estatutik kanpo lehen bidaia instituzionala, "Europaren bihotza" baita.

Urkulluk nabarmendu du "Euskadi Europara begira" dagoela; izan ere, lehendakariaren beraren esanetan, "ezinezkoa da XXI. mendeko erronkei Europatik kanpo erantzutea". Ildo horretan, lehendakariak Europako herrien arteko elkartasun-espiritua berreskuratuko dela konfiantza du, hala, erronka horiei "erantzuteko eta buelta emateko". Lehendakariak nabarmendu du "Euskadiren etorkizuna Europakoarekin lotuta" dagoela.

Bestalde, lehendakariak jakinarazi du Jaurlaritzaren erronka nagusia krisialditik irtetea dela, "kudeaketa zorrotza eginda eta jarduera ekonomikoa suspertzeko neurriak hartuta". Gainera, Urkulluk nabarmendu du Euskadik "etorkizuna bakean eta bizikidetzan eraikitzeko aukera" daukala, eta Europako erakundeen babesa izatea espero du bide horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea