Politika -

Atxiloketak 'Aske Gunea'n

Ertzaintzak 'Argia'ko kazetari bati emandako tratua gaitzetsi du EKEk

Ohar batean, ''elkartasuna'' adierazi dio Euskal Kazetarien Elkarteak Lander Arbelaitzi, eta ''sumina eta kezka'' plazaratu ditu, ''akreditazioa erakutsi zuen'' kazetariak jasandako tratuagatik.

Aske Gunean, bortizki atera zuen Ertzaintzak Lander Arbelaitz kazetaria

0:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EKE Euskal Kazetarien Elkarteak ''gaitzetsi'' egin du Ertzaintzak joan den ostiralean Donostiako Boulevardean, Segiko sei kide atxilotzeko operazioan, Lander Arbelaitz Argiako kazetariari ''emandako tratua''. ''Ertzaintzako hainbat kidek Arbelaitzen kontra egin zuten honek bere burua kazetari gisa identifikatu arren'', salatu du testuan EKEk.

''Argitalpenak helarazitako bideoan ikus daitekeenez, agenteek lurrera bota zuten eta, nahiz eta kazetaria dela oihukatu, kolpeka eta bultzadaka eraman zuten beste komunikabideetako kideak zeuden musika kiosko bateraino'', gaineratu du Euskal Kazetarien Elkarteak.

''Erasoak jasan dituen kideari elkartasuna'' erakutsi dio EKEk, eta, halaber, ''sumina eta kezka'' adierazi ditu ''Ertzaintzak izandako jokabideagatik, kazetariak bere akreditazioa erakutsi baitzuen, eta begi-bistan baitzegoen, grabatzen ari den tramankuluarekin batera''.

Kazetarientzako toki berezia

Prentsa profesionalentzako gune bat mugatzearen erabakiari dagokionez, EKEk gogorarazi du ''kazetariek Poliziaren lana ez eragozteko edota beraien burua arriskuan ez jartzeko soilik'' dagoela justifikatuta honelako erabaki bat. ''Baldintza hauek nekez ematen dira kontzentrazio baketsuetan'', gaineratu du.

''Ez da lekuko deserosorik saihestu behar kamarak eta erreportariak Poliziaren parte-hartze tokietatik urrunduz. Gizarte demokratiko batean, kazetariek askatasun osoz mugitzeko eskubidea izan behar dute herritartasunaren informazioren eskubidea bermatu ahal izateko'', oharazi du EKEk.

Euskal Kazetarien Elkartea FAPE Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioaren barnean dago, eta, azken horrek ''bere osotasunean'' babestu du EKEren oharra.

Arbelaitz: ''Onartezina da kaiola batean sartu eta bertatik ateratzea debekatzea''

'Taupadak' blogean, 'AskeGuneko gauaren kronika' idatzi du kazetariak, eta agenteek sakelako telefonoa eta bera ere lurrera bota zituztela azaltzeaz gain, lan egiteko zailtasunak salatu ditu.

''Harresiko jendea ateratzen hasi direnean, eta beraiek esandako lekutik pasa gabe nintzela, agente bat niregana etorri da. Eskuan prentsa akreditazioa nuen, eta hala ere, grabatzeko erabiltzen ari nintzen mugikorra lurrera bota didate kolpe batez. Ni neu ere lurrera bota naute eta oinarekin zapalduz zeukaten nire mugikorra berreskuratu ahal izan dut in extremis. Konturatu gabe bideoan grabatu da unea, ez naizela exageratzen ari ikus dezazuen. Azkenean, mugikorra eta prentsa akreditazioa eskuan, kioskora eraman gaituzte'', kontatu du Arbelaitzek.

''Honen ondoren, kioskoan sarrarazi gaituzte kazetari guztiak eta bertatik ateratzea debekatu. Esan didatenez hainbat argazkilarik negoziatu dute Ertzaintzarekin kazetarion posizioa, baina onartezina da halako kaiola batean sartu eta bertatik ateratzea debekatzea. Gure betebeharra informatzea da, eta horretarako mugimendu askatasuna behar dugu. Oso urrun geunden nire ustez, bai behintzat mugikorrarekin bideoak grabatzeko'', gaineratu du.

Argiaren salaketa

Argia argitalpenak ere Ertzaintzak kazetariarekin izandako jarrera salatu du ohar baten bidez.

''Goizaldean Ertzaintza Boulevardera iristean eta Arbelaitz lanean ari zela, ertzain batek eskukada batez smartphonea bota dio lurrera eta bera ere gogor astindu du, nahiz eta bere kazetari akreditazioa oso agerian zuen: Argiako akreditazioa zeukan esku batean eta bestean telefonoa'', salatu du ohar horretan Xabier Letona Argiako zuzendariak.

''Herritarrak badu informatua izateko eskubidea, eta ez bakarrik Siriako Alepoko irudiekin, Tunisiakoekin edo Tahrir-eko plazakoekin. Legeak babestu egiten du eskubide hori eta ez du ez hanka ez buru lege hori zaindu behar lukeen Ertzainak Arbelaitz eta beste kazetariak kioskora eramatea, beren lana mugatuz'', gaineratu du.

''Ertzaintzak oharra egin zuenean ez zuen bere burua kazetari gisa identifikatu''

Segurtasun Saileko iturriek EiTBri jakinarazi diotenez, ''Ertzaintzak oharra egin zuenean ez zuen inongo momentutan bere burua kazetari gisa identifikatu salaketa egin duen pertsonak''.

''Ertzaintzako operatiboko buruek hiru aldiz ohartarazi zuten giza harresia osatzen zutenek euren kabuz kontzentrazioa utz zezaten, eta kazetarientzat gune berezi bat jartzea erabaki zuen Ertzaintzak, polizia lerrotik kanpo. Salaketa egin duen pertsonak kontzentrazioan jarraitzea erabaki zuen, eta, beraz, Ertzaintzak gainontzeko guztiak bezala ateratzea erabaki zuen. Ertzaintzak oharra egin zuenean ez zuen inongo momentutan bere burua kazetari bezala identifikatu, eta handik ateratzen saiatu zirenean identifikatu zuen bere burua kazetari gisa'', iturri horiek azaldu dutenez.

''Behin kontzentraziotik aterata, gainontzeko kazetariak zeuden lekura eraman zuten'', gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Ertzaintza Kazetaritza azken ordukoa