Politika -

Eskaintza

Herrialdeko gai nagusiak negoziatzeko gonbita egin dio EAJk PSEri

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen arabera, "gonbita bereziki PSE-EEri" egiten diote, "urte askotan bi alderdiek euskal erakundeen sistema eratu dutelako".

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Argazkia: EFE
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea.
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak PSE-EEri "paperekin" herrialdeko "gai nagusiak" negoziatzeko gonbita egin dio. Era horretan, krisitik ateratzeko neurrien, bakearen eta autogobernuaren erreformaren inguruan akordioak lortzeko deia egin die sozialistei, baita Jaurlaritzaren aurrekontuen inguruan ere.

"Alderdi Sozialistarekin adostasunerako aukerak daudela uste dut", esan du Ortuzarrek Efe agentziarekin egindako elkarrizketan. Ildo horretan, "lehengo astean Patxi Lopezek publikoki egin zuen eskaintzarekin antzekotasuna duela" esan du.

EBBko presidenteak esan duenez, "gonbita bereziki PSE-EEri" egiten diote, "urte askotan bi alderdiek euskal erakundeen sistema eratu dutelako". Hori dela eta, "paperekin, herrialdea eratzeko komunean izan ditzaketen puntuak" bilatzeko deia egin die sozialistei.

Ortuzarren iritziz, "PSE-EEk egun batetik bestera iritzia aldatzea" ulergaitza da, eta horregatik, "Bildurekin pintza"  egin duela uste du, "Jaurlaritzari hegalak mozteko".

Bilduren kasuan, "legebiltzarreko sistematik at egoteko erabaki estrategikoa" dela uste du, "Karibeko iraultzaren aldekoa da, sistema demokratikoaren ertzaren barnealdetik baino, kanpoaldetik joatekoa baita".

EAJ sozialistek planteatutako "bi baldintzak betetzen" ari dela esan du Ortuzarrek, hau da, "ez ohiko diru-sarrerak baleude, nola erabili adostea eta zerga erreforma" proposatu baitiete jeltzaleek.

Galdeketa

Bestalde, estatutua erreformatzearen, eta ondoren, herritarrei galdeketa egitearen inguruan, "Generalitateak eta EAJk beti legedia errespetatzen" jokatu dutela esan du Andoni Ortuzarrek, baina "Estatuak beti ateak ixten" erantzun diela gaineratu du.

Euskadiren kasuan, helburua Legebiltzarrean lantaldea eratzea dela esan du EAJren presidenteak, alderdi guztiekin Gernikako Estatutua erreformatzea adosteko; Gorteetatik pasatu ostean, erreferenduma egin ahal izateko.

"EAJk proposatzen duen galdeketa legala eta Estatutuak aurreikusitakoa da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea