Politika -
Balizko primarioak
Lopez eta Madina dira faboritoak PSOEren lidergoa hartzeko
Euskadiko bi sozialisten izenak guztion ahotan daude Rubalcabaren balizko ondorengoa pil-pilean dagoenean.
I.G.
Eduardo Madina PSOEren Diputatuen Kongresuko idazkari nagusiaren eta Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEren idazkari nagusiaren izenak denon ahotan ageri dira PSOEren balizko primarioak albiste egiten direnean.
Halere, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiak ezeztu du momentuz primarioak egingo dituztenik; Telecincon egindako elkarrizketa batean esandakoaren arabera, "zentzuzkoa eta zilegi" da alderdiaren buru izan nahi duenik egotea, baina alderdikideei gogorarazi dienez, "Espainiako momentu honetako arazoa ez da PSOE" alderdia, baizik eta krisialdi ekonomikoa.
"Lidergoa, zalantzarik gabe, baina ideiarik ez baduzu, ahaztu zaitez", esan du, PSOEk egin behar duen lehenengo gauza sinesgarritasuna berreskuratu eta proiektu bat diseinatu dela esan ostean.
Geroago, PSOEren azkeneko Kongresuan zehaztutako bide-orriaren arabera, buruzagi berria hautatzeko aukera helduko dela esan du, eta momentuan erabakiko duela berak aurkeztu ala ez, alderdiarentzat lagungarri sentitzen bada eta "jendeak jarraitzea nahi badu".
Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta PSOEren diputatuak Madina goraipatu du, "etorkizuneko eta orainaldiko balore bat eta eskarmentu handiko sozialista bat " dela esanda. Elorzak gogoratu du Patxi Lopezek dituen aukerez ere hitz egiten ari dela, eta horrek guztiak erakusten duela PSOEk "aukerak dituela".
Euskadiko sozialistek esan dutenez, ez da Madina edo Patxi eztabaidetarako unea, alderdiaren proiektu ideologikoa berritzeko unea baizik.
Patxi Lopez: "PSOEn ez dago hautagaiak bilatzeko lasterketarik"
Patxi Lopez PSOEko Harreman Politikoetarako idazkariak adierazi duenez, ez dute hautagaiak bilatzeko inolako prozesurik zabaldu. Horren ustez, sozialisten lehentasuna proiektu politikoa zehaztea da.
EAEko sozialisten idazkari nagusiaren hitzetan, gizarteari zer eskaini aztertzen ari da Alderdi Sozialista. "Hainbat pertsona gaizki pasatzen ari dira, eta horien arazoei erantzuna eman behar zaie", gaineratu du.
Proiektu politikoa zehazten ari da PSOE, eta urrian konferentzia politikoa egin bitartean lan horretan jardungo dute sozialistek. "Horretan gaude", nabarmendu du Lopezek.
Alfredo Perez Rubalcabaren ondorengoaz galdetuta esan du ez dagoela lidergoaren kontuarekin urduri jarri beharrik.