Politika -

Eusko Legebiltzarra

PSE, EH Bildu eta UPyD ados, fiskalitatea Legebiltzarrak azter dezan

Boto bateko aldearekin atera da aurrera sozialisten ez legezko proposamena. Jeltzaleak eta popularrak egungo sistema mantentzearen alde agertu dira, hots, eskumena Diputazioena izatea babestu dute.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra.
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk, EH Bilduk eta UPyDk beren botoak batu dituzte fiskalitatearen gaia Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea eskatzeko. Horien ustez, Gasteizko Ganberak izan behar du eskumena arlo horretan "benetako harmonizazioa" eta EAEko herritar guztien arteko berdintasuna lortzeko".

Sozialistek aurkeztutako legez besteko proposamenak aurrera egin du, sozialisten euren eta EH Bilduko legebiltzarkideen eta UPyDko legebiltzarkidearen babesarekin. EAJk eta PPk kontra bozkatu dute, eta testu alternatibo bat aurkeztu dute. Jeltzaleak eta popularrak egungo sistemarekin jarraitzearen alde agertu dira, hots, eskumena aldundiena izatea babestu dute.

Txarli Prieto sozialistaren iritziz, egungo sistemak harmonia hausten du eta "ekitate falta" ekarri ditu, eta, hori dela eta, PPren eta EAJren jarrera kritikatu du horren alde egiteagatik.

Eusko Legebiltzarrak fiskalitateaz eztabaidatzeko duen zilegitasuna aldarrikatu du Igor Lopez de Muñain EH Bilduko legebiltzarkideak. Sozialisten proposamenaz harago, Gasteizko Ganberak zerga politikaz hitz egin eta adostasunak lortzeko eskumenak dituela adierazi du.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen iritziz, sozialisten legez besteko proposamena "ez da nahikoa", baina "aurrerapauso" bat da eta horregatik babestu du ekimena.

Josune Gorospe EAJko legebiltzarkidearen esanetan, EAJri "egurra" eman nahi izan diote hiru alderdiek legez besteko proposamena aurkeztuta.

PPk "demagogia" egitea egotzi dio PSEri, sozialistak izan baitira popularren ustez Gipuzkoan harmonia hautsi dutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea