Politika -
Auzitegi Nazionala
ETAko bi kideri 20 eta 17 urteko espetxe-zigorrak ezarri dizkiete
Ibai Beobide Arza eta Xavier Atristain Gorosabel ETAko kide izateagatik eta lehergaiak ezkutatzeagatik zigortu ditu Auzitegi Nazionalak.
Erredakzioa
Ibai Beobide Arza eta Xavier Atristain Gorosabel ETAko kide izateagatik eta lehergaiak ezkutatzeagatik zigortu ditu Auzitegi Nazionalak. Auzitegiak 20 eta 17 urteko kartzela-zigorrak ezarri die, hurrenez hurren. Bestalde, ETAko kolaboratzaileak izateagatik beste lau pertsona zigortu, eta zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri die ANk.
Adur Aristegi Aragon, Jon Rosales Palenzuela eta Juan Maria Maizkurrena Urkizu absolbitu ditu Auzitegiak. Beobide eta Atristain ETAko kideak direla eta lehergaiak ezkutatu zituztela frogatutzat jo du ANk.
Beobideri 29 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten 2012ko urtarrilean, 2008ko abenduaren 31n EITBko egoitza nagusiaren aurka egindako atentatuagatik. Sententziaren arabera, Beobide 2007ko amaieran ETAn sartu zen.
ETAko kidea frogatutzat jo du epaiak, epaiketan zehar Beobidek berak onartu zuelako. Gainera, atxiloketaren unean pistola bat eta nortasun agiri faltsu bat zeramatzan Beobidek.
ETAko kide izateagatik bederatzi urteko zigorra ezarri diote Beobideri, beste 8 urte lehergaiak ezkutatzeagatik, urte bat eta zazpi hilabete armak legez kanpo izateagatik, eta beste urtebete eta 10 hilabete erakunde terrorista baten alde agiri ofizialak faltsutzeagatik.
Sententziaren arabera, Atristain ETAko 'Imanol' taldean 2005ean sartu zen eta Beobideren zuzendaritzapean ETAren tresnak ezkutatu eta gorde zituen 2009ko azarotik aurrera.