Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Hasier Arraiz: 'Eskuineko muturrak bake-prozesua blokeatu nahi du'

Sortuko presidenteak berretsi egin du bere alderdiak ez zuela Xabier Lopez Peñaren harrera antolatu eta ezker abertzalea legez kanporatzeko zenbait sektoretatik egiten ari diren presioak salatu ditu.

Hasier Arraiz, Sortuko presidentea. Argazkia: EITB
Hasier Arraiz, Sortuko presidentea. Argazkia: EITB
Hasier Arraiz, Sortuko presidentea. Argazkia: EITB

G.P.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak berriro azpimarratu du bere alderdiak ez zuela Xabier Lopez Peñari egindako harrera antolatu eta ilegalizazio mehatxuaren atzean "Espainiako eskuin muturraren presioa" dagoela salatu du.

"Ezker abertzalea legez kanpo uzteko eta, are larriago dena, Euskal Herrian abian den bake-prozesua behin betiko blokeatzeko presioa egiten ari dira", kritikatu du.

"Sortuk ez zuen harrera antolatu. Xabier Lopez Peñaren familiak ere hala adierazi du. Hildako pertsona bati egindako harrera bat baino ez zen izan, baina harrera bat zena omenaldi bilakatu nahi izan dute batzuek eta Iker Rodrigo atxilotu dute, Lopez Peñaren sendiaren hurbilekoa, Sortuko kidea delako", azaldu du Radio Euskadiko elkarrizketan.

Egoera larria dela esan du, baina azken asteotan gertakari larri asko izan direla ekarri du gogora: "bi presoren heriotza, jarduera politikoagatik egindako zortzi gazteren kontrako kartzela-zigorra edo protesta baketsu baten aurka Ertzaintzak Donostiako Boulevardean egindako karga".

"Urte eta erdi daramatzagu ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat eman zuenetik, baina okerrago gaude. Duela urte eta erdi zenbait agintari politikok ETAren indarkeriaren amaiera eskatzen zuten eta hori lortzean dena posible izango zela azpimarratzen zuten, baina errealitatea beste bat da", kritikatu du.

"Sektore batzuek ez dute bake-prozesuak aurrera egiterik nahi, baina Sortu konponbidea bilatzeko lanean jarraituko du", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea