Politika -
Elkarrizketa
Ares: 'Grabaketa guztiak jarri genituen Justiziaren esku'
Herrizaingo sailburu ohiaren esanetan, "testuinguru orokorrean ulertu behar dira" ertzainburuaren aginduak; "gainera, gero jakin da bazeudela istiluak eta zaurituak".
Erredakzioa
Rodolfo Ares PSE-EEren koordinazio idazkari eta Herrizaingo sailburu ohiak azaldu duenez, Iñigo Cabacas hil zenean Ertzaintzako buruek eta agenteek izan zituzten elkarrizketen "grabaketa guztiak Justiziaren esku jarri genituen".
Gara egunkariak gaur argitaratutako informazioaren inguruan galdetu diote Athletiken jarraitzailea pilotakada batek jota hil zen garaian Herrizaingo sailburu zenari. Informazio horren arabera, Ertzaintzako buru batek Herriko inguruan zeudenen kontra oldartzea agindu zien agenteei, nahiz eta bertan zeuden ertzainek istilurik ez zegoela esan.
Herrizaingo sailburu ohiaren esanetan, "testuinguru orokorrean ulertu behar dira" ertzainburuaren aginduak; "gainera, gero jakin da bazeudela istiluak eta zaurituak".
Aresek azpimarratu du Herrizaingo Sailak "Justiziaren esku" utzi zituela "grabaketa guztiak" eta orain "ikerketa amaitzeko eta ardurak garbitzeko zain" dagoela.
Horren harira, Ertzaintzaren bost agente "epailearekin elkarlanean" ari direla gogorarazi du.
Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak egindako adierazpenen harira (Cabacasen heriotza istripua izan zela esan zuen), Aresek esan du "bere iritzia" dela eta ez duela "esateko ezer".