Politika -

Astelehenean

Enrique Mayak inputatu gisa deklaratuko du CANeko dieten auzian

Miguel Sanz presidente ohiak ostiralean epaileari adierazi zion ez zekiela Nafarroako Kutxan zenbat diru kobratzen zuen. Apirilaren 16an Alvaro Miranda kontseilari ohiak deklaratuko du.

Enrique Maya Iruñeko alkatea. Argazkia: EFE
Enrique Maya Iruñeko alkatea.
Enrique Mayak inputatu gisa deklaratuko du bihar, CANeko dieten auzian

0:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Maya Iruñeko alkateak inputatu gisa deklaratuko du astelehen honetan Nafarroako Justizia Auzitegian, Nafarroako Kutxako dieten auzian. Halaber, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia eta Alvaro Miranda Ogasun eta Ekonomia kontseilari ohia ere inputatuta daude, guztiak ere CANeko Batzorde Iraunkorreko kideak.

Enrique Mayak ostegunean aurreratu zuenez, ate nagusitik sartuko da Iruñeko Justizia auzitegira: "Ez daukat ate nagusitik ez sartzeko arrazoirik".

"Deklaratu egingo dut, eta dieten gaiaz dakidan guztia kontatuko diot epaileari. Denen galderak erantzungo ditut, kontua azaltzen saiatzeko", gaineratu zuen.

Iruñeko Udaleko oposizioak planto egin zion Enrique Maya alkateari osteguneko plenoan. Oposizioko talde politikoek ez zuten gai-zerrendako ekimenik aurkeztu, ezta ekimenak eztabaidatu nahi izan ere.

Miguel Sanz: "Ez naiz inoiz aberastu"

Maya izango da CAN auzian deklaratzen bigarrena, ostiralean Miguel Sanzek deklaratu ostean. Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidente ohiak epaileari ukatu egin zion Nafarroako Kutxan legez kanpoko jarduerarik egin zuenik. "Ez naiz inoiz aberastu", gaineratu zuen.

"Espero dut dena argitu izana, ez naizelako inoiz aberastu, inoiz ez. Nire jarduera guztia Nafarroaren eta ordezkatu ditudan erakundeen zerbitzura egon da'', adierazi zuen. Halaber, Nafarroako Kutxan zenbat kobratzen zuen ez zekiela esan zion epaileari, eta dietak ez zirela inoiz soldataren parte gisa hartu.

Nafarroako presidente ohia pozik agertu zen deklaratu ostean, ''egia argitzeko aukera'' izan zuelako.

Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko kontseilari ohiak apirilaren 16an deklaratuko du epailearen aurrean, 10:00etatik aurrera.

Epaileak, ordea, ez du Yolanda Barcina Nafarroako presidentea deklaratzera deitu, Sanz, Maya eta Mirandarekin batera Batzorde Iraunkorreko kidea izan arren. Nafarroako presidentea inputatuz gero, auzia Auzitegi Gorenak ebatzi beharko luke Barcina forupekoa delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
CAN auzia Iruñea gaur UPN Nafarroa Alderdi politikoak bideoak Ustelkeria politikoa azken albisteak Iruñeko Udala azken ordukoa