Politika -
Manifestazioa Donostian
Segiko kide izateagatik zigortutakoei babesa eman diete milaka lagunek
Manifestazioaren amaieran, euskal gazteriaren lana goraipatu dute eta "Estatuen indarkeriari erresistentzia eta desobedientzia zibil pasiboarekin" erantzungo diotela esan dute.
Erredakzioa
Milaka lagun bildu dira Donostian, Segiko kide izateagatik kondenatutako zortzi gazteei babesa adierazteko deitutako manifestazioan.
Eleak mugimenduak deitutako martxa 17:00etan atera da Donostiako Boulverdetik "Aske Gunea. Libre eta legala" lelopean. Halaber, aste honetan Ertzaintzak atxilotutako Ekaitz de Ibero gaztea aske uzteko eskatu dute.
Manifestazioan, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Asier Arraiz, Marian Beitialarrangoitia, Joseba Alvarez, Joxean Agirre eta Idoia Aiastui Sortuko kideak, Rebeka Ubera Aralarreko buruzagia eta Xabi Soto Alternatibako ordezkaria egon dira.
Manifestazioaren amaieran, Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko bozeramaileak hartu du hitza eta Ekaitz de Iberoren atxiloketa eta bertan poliziak izandako jarrera salatu ditu. Ildo horretan, gertatutakoagatik "dimisioak" eskatu ditu.
Halaber, "lan politikoa egiteagatik, Euskal Herrian 200 lagun baino gehiago espetxeratzeko arriskuan" daudela ekarri du gogora "demokratikoa dela dioen herrialdean".
Azkenik, euskal gazteriaren lana goraipatu dute eta "Estatuen indarkeriari erresistentzia eta desobedientzia zibil pasiboarekin" erantzungo diotela esan dute, "Euskal Herriko eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatuak izan arte".