Politika -
Nafarroako Kutxako dietak
Miguel Sanz, deklaratu eta gero: 'Ez naiz inoiz aberastu'
Nafarroako Kutxan zenbat kobratzen zuen ez zekiela esan dio epaileari UPN eta Nafarroako Gobernuko presidente ohiak. Sanzi ''lapurra'' deitu diote protesta egiten kanpoan zeudenek.
Erredakzioa
''Ez naiz inoiz aberastu'', esan du Miguel Sanz UPN eta Nafarroako Gobernuko presidente ohiak Iruñeko Justizia Jauregitik irtetean, bertan hiru ordu eta erdiz deklaratzen egon ostean. Nafarroako Aurrezki Kutxan jaso dituen dieten harira inputatu gisa deklaratu du ostiral honetan Sanzek.
Kazetariei azaldu dienez, epaileak egindako galdera guztiei erantzun die, baina ez die Kontuzen eta UPyDren abokatuek egindako galderei erantzun, ''politika epaitegietara eraman nahi izan dutelako''.
Nafarroako presidente ohia pozik agertu da deklaratu eta ''egia argitzeko aukera'' izan duelako. ''Espero dut dena argitu izana, ez naizelako inoiz aberastu, inoiz ez. Nire jarduera guztia Nafarroaren eta ordezkatu ditudan erakundeen zerbitzura egon da'', gaineratu du.
Halaber, inputatu gisa deklaratu behar izatea ''ez da kontu arro bat'', Sanzen hitzetan, ''herritar guztiak daudelako Justiziaren menpe''. Kasu honetan, hala ere, ''auzitegietan sartzeko ibilbidea gehitu zaio zigor sozialari'', Sanzen ustez.
Zenbat kobratzen zuen ez zekiela esan du
Nafarroako Kutxan zenbat kobratzen zuen ez zekiela esan dio Sanzek epaileari, Patxi Zamora Kontuz elkarteko bozeramaileak kazetariei azaldu dienez. ''Dietak inoiz ez dira soldataren parte gisa hartu'', esan dio presidente ohiak epaileari, eta Batzorde Iraunkorraren ingurukoak biltzen zituen zirriborroa egon zegoela azaldu dio epaileari, Zamorak jakitera eman duenez.
"Ez dut gogoratzen; ez dut ondo gogoratzen'' izan dira Sanzek gehien erabili dituen esaldiak, Zamorak esan duenez, eta urduri egon dela eta emozionatu ere egin dela azaldu du Kontuzeko bozeramaileak. Elkarteko ordezkaria ''pozik'' agertu da Sanzen deklarazioarekin, ''epaileak argi duelako ekintzak nola gertatu diren''.
Ildo horretan, Batzar Iraunkorreko dietak nork erabakitzen zituen ez dakiela esan dio Sanzek epaileari, eta bilera bikoitzen inguruan galdetuta, presidente ohiak ''ezer'' ez dakiela adierazi du, UPyD alderdiko abokatuak kazetariei azaldu dienez.
Oihuak sarreran
09:20 aldera iritsi da Auzitegira Sanz, eta Eduardo Ruiz de Erenchun abokatuarekin batera sartu da ate nagusitik, hedabide eta polizia ugariren artean. 10:00etan hasi da epailearen aurrean deklaratzen.
Iritsi denean, bertan protesta egiten zeudenek ''lapurra'' deitu diote, oihuka. Izan ere, 'Ustelak kanpora' leloa zeraman pankarta baten atzean, dozenaka pertsonek ustelkeriaren kontrako protesta egon dute Nafarroako hiriburuan, Auzitegiaren atariko hesien beste aldetik.
Inputatu gisa deklaratu du
Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidente ohiak inputatu gisa deklaratu du epaitegietan. Gabriel Urralburu eta Javier Otano sozialisten eta Jaime Ignacio del Burgo PPkoaren ostean, Sanz etapa demokratikoan inputatu gisa deklaratu duen Nafarroako laugarren presidentea da.
Nafarroako Kutxako (CAN) dieta bikoitzak eta hirukoitzak ikertzen ari den Maria Paz Benito epaileak deitu du oraingoan. Epaileak Miguel Sanz, Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia inputatu ditu auzian. Apirilaren 12, 15 eta 16an deklaratu behar dute, hurrenez hurren.
Maria Paz Benito Iruñeko auzitegietako epailea CANeko Batzorde Iraunkorreko kide gisa egun bakar batean kobratu zituzten dietak (5.000 euro baino gehiago) ikertzen ari da. Kargudunek funtzionario-eroskeria delitua egin dute, epailearen arabera.
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak dietak jaso zituen, eta bere hiru lankideak egin bezala, dirua itzultzea erabaki zuen. Hala ere, Barcina foruduna da eta epaileak ez du inputatu; egingo balu auzia automatikoki Auzitegi Gorenera eramango lukete.
Deklarazioak ostiral honetan hasi dira Miguel Sanzen aitortzarekin. Ikerketa Auzitegi Nazionalera eramateko helegitea aurkeztu zuen Sanzek, baina atzera bota zuten.
Barcinak "konfiantza osoa" du Justiziarengan
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidenteak "konfiantza osoa" agertu du Justiziarengan, eta Nafarroako Aurrezki Kutxaren auzia "lehenbailehen argitzea" espero du.
Barcinak adierazpen horiek egin ditu Parlamentu atarian kazetariek Sanzen deklarazioaren inguruan galdetu diotenean.
"Justiziaren garaia da, dena konpontzea eta Justiziak auzia lehenbailehen argitzea espero dut", azpimarratu du Nafarroako presidenteak.
Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak, bere aldetik, "kezka" agertu du egoera horren aurrean.
"Ustelkeria usaina uneoro", Bilduren arabera
Maiorga Ramirez Bilduren bozeramailearen arabera, "Nafarroako herritarrek ez dute merezi uneoro ustelkeria usain artean bizitzea".
"Egoera jasanezina da: Fasa auzia, Urralburu, Otano, orain UPNren presidente ohia deklaratzen, eta Yolanda Barcina ez dago inputatuta forupean dagoelako. Egoera erabat jasanezina da eta erakundeak biziberritu behar dira", azpimarratu du.
PSNk interesgarritzat jo du Auzitegiaren lana
Juan Jose Lizarbe PSNren Parlamentuko bozeramaileak "errespetua eta babesa" helarazi die Nafarroako Aurrezki Kutxako dieten auzia epaitzen ari diren auzitegiei eta "Nafarroako gizartean eztabaida" sortu duen gaia argitzea espero du.
"Errespetua izan behar da ekintza judizialekiko", adierazi du Lizarbek, "Iruñeko Auzitegi jakin bat" CAN auziaren inguruan egiten ari den lan "interesgarria" goraipatu aurretik.
Aralarrentzat "oso albiste txarra" da inputazioa
Horren harira, Txentxo Jimenez Aralar-NaBairen bozeramailearentzat "oso albiste txarra" da Gobernuko presidente ohi batek inputatu gisa deklaratzera joan behar izatea, eta Justizia "azken ondorioetaraino" iristea espero du.
"Ez da ona gizartearentzat presidente ohiak, beste behin ere, inputatu gisa deklaratu behar izatea gutxienez susmagarria den kudeaketagatik", gaineratu du.
"Behin egoera honen aurrean, ardura guzti-guztiak argitzea eta gaizki egin duenak ordaintzea da geratzen zaigun bakarra", Jimenezen esanetan.
I-E: "Nafarroako krisi politikoaren argazkia da"
Jose Miguel Nuin I-Eren bozeramailearen arabera, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea "Auzitegian sartzen, Nafarroako krisi politikoaren argazkia da", eta horren atzean "krisi soziala" dago, eta irtenbide bakarra hauteskundeak deitzea da.
"Presidente ohi bat inputatu gisa deklaratzera sartzea krisi politikoaren adierazpena da, are gehiago gaur egungo Gobernuko presidenteak parte hartzen zuen batzorde ilun batean parte hartzeagatik denean", gaineratu du.
"Ez da ona Nafarroarentzat", Nafarroako PPren ustez
Eloy Villanueva Nafarroako PPren parlamentariak uste du ez dela "ona" Nafarroarentzat Gobernuko presidente ohi batek inputatu gisa deklaratu behar izatea, eta "ikuspuntu politiko eta judizialetik zer gertatzen den ikusteko zain" egongo direla adierazi du.