Politika -

Nafarroako Kutxako dietak

Sanzek hiru ordu baino gehiago daramatza deklaratzen Auzitegian

Barcinak "konfiantza osoa" agertu du Justiziarengan. Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak, berriz, "kezkatuta" dagoela onartu du.

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidente ohia, Auzitegira bidean. EFE
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidente ohia, Auzitegira bidean. EFE
Miguel Sanz Justizia Jauregian sartu da, inputatu gisa deklaratzeko

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia Iruñeko Justizia Jauregian sartu da gaur 09:20 aldera, Nafarroako Aurrezki Kutxan jaso dituen dieten harira inputatu gisa deklaratzeko. 10:00etan hasi da epailearen aurrean deklaratzen.

Sanz Eduardo Ruiz de Erenchun abokatuarekin batera sartu da Auzitegiko ate nagusitik, hedabide eta polizia ugariren artean.

Iritsi denean, bertan zeuden protestariek lapurra dela oihukatu diote. Auzitegiaren atariko hesien beste aldetik dozenaka pertsonak salatu dute ustelkeria 'Ustelak kanpora' leloa zeraman pankarta baten atzean.

Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidente ohiak inputatu gisa deklaratuko du epaitegietan. Sanz Nafarroako Kutxako dietak kobratu izanagatik ikertzen ari dira. Gabriel Urralburu eta Javier Otano sozialisten eta Jaime Ignacio del Burgo PPkoaren ostean, Sanz etapa demokratikoan inputatu gisa deklaratuko duen Nafarroako laugarren presidentea izango da.

Nafarroako Kutxako (CAN) dieta bikoitzak eta hirukoitzak ikertzen ari den Maria Paz Benito epaileak deitu du oraingoan. Epaileak Miguel Sanz, Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia inputatu ditu auzian. Apirilaren 12, 15 eta 16an deklaratu behar dute, hurrenez hurren.

Maria Paz Benito Iruñeko auzitegietako epailea CANeko Batzorde Iraunkorreko kide gisa egun bakar batean kobratu zituzten dietak (5.000 euro baino gehiago) ikertzen ari da. Kargudunek funtzionario-eroskeria delitua egin dute, epailearen arabera.

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak dietak jaso zituen, eta bere hiru lankideak egin bezala, dirua itzultzea erabaki zuen. Hala ere, Barcina foruduna da eta epaileak ez du inputatu; egingo balu auzia automatikoki Auzitegi Gorenera eramango lukete.

Deklarazioak ostiral honetan hasi dira Miguel Sanzen aitortzarekin. Ikerketa Auzitegi Nazionalera eramateko helegitea aurkeztu zuen Sanzek, baina atzera bota zuten. Ondorioz, Sanz demokrazian inputatu gisa deklratuko duen Nafarroako hirugarren presidentea izango da.

Barcinak "konfiantza osoa" du Justiziarengan

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidenteak "konfiantza osoa" agertu du Justiziarengan, eta Nafarroako Aurrezki Kutxaren auzia "lehenbailehen argitzea" espero du.

Barcinak adierazpen horiek egin ditu Parlamentu atarian kazetariek Sanzen deklarazioaren inguruan galdetu diotenean.

"Justiziaren garaia da, dena konpontzea eta Justiziak auzia lehenbailehen argitzea espero dut", azpimarratu du Nafarroako presidenteak.

Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak, bere aldetik, "kezka" agertu du egoera horren aurrean.

"Ustelkeria usaina uneoro", Bilduren arabera

Maiorga Ramirez Bilduren bozeramailearen arabera, "Nafarroako herritarrek ez dute merezi uneoro ustelkeria usain artean bizitzea".

"Egoera jasanezina da: Fasa auzia, Urralburu, Otano, orain UPNren presidente ohia deklaratzen, eta Yolanda Barcina ez dago inputatuta forupean dagoelako. Egoera erabat jasanezina da eta erakundeak biziberritu behar dira", azpimarratu du.

PSNk interesgarritzat jo du Auzitegiaren lana

Juan Jose Lizarbe PSNren Parlamentuko bozeramaileak "errespetua eta babesa" helarazi die Nafarroako Aurrezki Kutxako dieten auzia epaitzen ari diren auzitegiei eta "Nafarroako gizartean eztabaida" sortu duen gaia argitzea espero du.

"Errespetua izan behar da ekintza judizialekiko", adierazi du Lizarbek, "Iruñeko Auzitegi jakin bat" CAN auziaren inguruan egiten ari den lan "interesgarria" goraipatu aurretik.

Aralarrentzat "oso albiste txarra" da inputazioa

Horren harira, Txentxo Jimenez Aralar-NaBairen bozeramailearentzat "oso albiste txarra" da Gobernuko presidente ohi batek inputatu gisa deklaratzera joan behar izatea, eta Justizia "azken ondorioetaraino" iristea espero du.

"Ez da ona gizartearentzat presidente ohiak, beste behin ere, inputatu gisa deklaratu behar izatea gutxienez susmagarria den kudeaketagatik", gaineratu du.

"Behin egoera honen aurrean, ardura guzti-guztiak argitzea eta gaizki egin duenak ordaintzea da geratzen zaigun bakarra", Jimenezen esanetan.

I-E: "Nafarroako krisi politikoaren argazkia da"

Jose Miguel Nuin I-Eren bozeramailearen arabera, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea "Auzitegian sartzen, Nafarroako krisi politikoaren argazkia da", eta horren atzean "krisi soziala" dago, eta irtenbide bakarra hauteskundeak deitzea da.

"Presidente ohi bat inputatu gisa deklaratzera sartzea krisi politikoaren adierazpena da, are gehiago gaur egungo Gobernuko presidenteak parte hartzen zuen batzorde ilun batean parte hartzeagatik denean", gaineratu du.

"Ez da ona Nafarroarentzat", Nafarroako PPren ustez

Eloy Villanueva Nafarroako PPren parlamentariak uste du ez dela "ona" Nafarroarentzat Gobernuko presidente ohi batek inputatu gisa deklaratu behar izatea, eta "ikuspuntu politiko eta judizialetik zer gertatzen den ikusteko zain" egongo direla adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea