Politika -

Eusko Legebiltzarra

Bakerako lantaldea martxan da, PP eta UPyD gabe

Lantaldeak bakea eta elkarbizitza lortzeko "oinarri sendoak" ezarriko dituela azpimarratu du Tejeriak, eta PPrentzat eta UPyDrentzat "atea zabalik" dagoela adierazi du.

Bakerako eta Bizikidetzarako Lantaldearen eraketa, Legebiltzarrean. EiTB
Bakerako eta Bizikidetzarako Lantaldearen eraketa, Legebiltzarrean. EiTB
Bakerako lantaldea osatu dute, PPk eta UPyDk parte hartu gabe

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakerako eta elkarbizitzarako lantaldea eratu dute Eusko Legebiltzarrean, ostegun honetan, eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek parte hartu dute ekitaldian. PP ez da lantaldearen eraketan izan, ezta UPyD ere.

PPk ez du baztertu aurrerago parte hartzea, baina alderdiek koalizio abertzalearekin zorrotzagoak izan behar dutela iritzi dio. UPyDk, berriz, argi utzi du ez duela lantaldean parte hartuko, foroa "Batasunaren agendari heltzeko" pentsatuta dagoela iritzi dio.

Lantalde horren osaketa, hain zuzen, alderdien arteko desadostasunek eragindako hainbat atzerapenen ostean gauzatu da.

Aurreko legealdian lantalde horrek hainbat ondorio ezarri zituen, hala nola "zoru etikoa" sortzeko apustua eta memoria "terrorismoari zilegitasun etikoa, soziala eta politikoa kentzeko oinarrizko tresna" gisa aintzatestea. EH Bildu eta UPyD abstenitu egin ziren idatzi horren bozketan. Oinarri etiko horiek duela gutxi berretsi dituzte Legebiltzarrean EAJk, PSE-EEk eta PPk.

Bakerako eta Bizikidetzarako Lantaldeko kideak datorren apirilaren 30ean bilduko dira egutegi bat ezartzeko eta jorratu beharreko pausoak eta bidea zehazteko.

 

Ateak zabalik PPrentzat eta UPyDrentzat

Bakerako eta Bizikidetzarako Lantaldearen eraketaren ostean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak foro horrek Euskadin bakea eta elkarbizitza lortzeko "oinarri sendoak" ezarriko dituen itxaropena helarazi die kazetariei.

PPren eta UPyDren jarreraren inguruan galdetuta, Tejeriak "egokiena" lantalde horretan alderdi politiko guztiek parte hartzea izango litzatekeela adierazi du, baina uneren batean lantaldean parte hartzea erabakiko balute "atea zabalik" dutela azpimarratu du.

 

EH Bildu

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, euren "lehentasuna" Bakerako eta Bizikidetzarako Lantaldean presoen egoera jorratzea izango da.

EH Bilduren iritziz, lantalde horrek "inmobilismoan eta zorrozkerian mantentzen diren haiek mugiarazteko" giltzarri izan behar du eta Espainiako Gobernuak "hemen erabakitzen dena jasotzeko" balio behar du.

 

EAJ

Joseba Egibar, berriz, ziur dago PP lantaldera gehituko dela eta gainerako taldeek hori lortzeko lan egingo dutela erantsi du.

Egibarrek azaldu duenez, lantaldeak "bakea eta elkarbizitza" sendotzen jardungo duela badakite, eta hori ez da jarrera "pasibo" batekin lortuko.

 

PSE-EE

Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE), berriz, lantaldea aurreko legealdian adostutako oinarri etiko eta demokratikoak kontuan hartuta abiatu dela azpimarratu du.

"Zoru etiko aproposa da oso lanean hasteko", adierazi du Pastorrek. Eta PPk ez duela "zoru" hori "arinduko" den inolako beldurrik izan behar gaineratu du. Halaber, sozialistak Alderdi Popularra ahalik eta azkarren lantaldera gehitzeko "beharrezko eremua gordetzeaz" arduratuko dela azpimarratu du Pastorrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea