Politika -

Segi

Ertzaintzak Ekaitz de Ibero gaztea atxilotu du Donostian

Atxiloketa Donostiako Boulevardean egin dute, eta bertan istilu larriak izan dira Ertzaintzaren eta manifestarien artean.

Istiluen uneetako bat. EFE
Istiluen uneetako bat. EFE
Istilu larriak egon dira Ekaitz de Iberoren atxiloketan

0:51

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Ekaitz de Ibero, Auzitegi Gorenak absolbitutako Segiko ustezko zazpi kideetako bat (beste zortzi kondenatu egin zituen), atxilotu du gaur goizean Donostian, beste auzi bat dela eta.

Atxiloketa Donostiako Boulevardean egin dute, "Askegunea" izeneko karpa eremuan, kondenatuei elkartasuna adierazteko ehunka pertsonak sortu duten eremuan, hain zuzen ere.

Istilu larriak sortu dira bertan Ertzaintzaren eta manifestarien artean, eta hainbat pertsona zauritu dira. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzako bost agentek kontusioak izan dituzte, eta horietatik bi mutuan artatu behar izan dituzte.

Eguerdian, De Ibero atxilotuari elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egin dute tokian bertan, eta manifestarietako bozeramaile batek azaldu duenez, istiluetan zehar hiru zauritu izan dira, eta horietako bi ospitalera igorri behar izan dituzte.

Ertzaintzaren iturriek eitb.com-i jakinarazi diotenez, agenteek Boulevardean bilduta zegoen pertsonetako bat Ekaitz de Ibero zela jakin dute, eta atzematera joan dira, "atxilotzeko agindu judiziala" zutelako.

Iturri horiek gaineratu dutenez, "agenteek erresistentzia bortitzarekin egin dute topo, eta borrak erabili behar izan dituzte".

Bestalde, Xalba Ramirez topatu.info webguneko langileak Euskadi Irratiari azaldu dioenez, Boulevardeko protesta gunean "200 bat pertsona" zeuden kondenatutako zortzi gazteei babesa adierazteko, "eta bat-batean 70 ertzain korrika etorri dira, denak inguratu gaituzte, eta zuzenean Ekaitz atxilotzera joan dira. Jendea eseri egin da Ekaitzen inguruan, babesa adieraziz, eta ertzainak kargatzen hasi dira borrak eskuan; kriston karga bortiza izan da".

Ramirezek jakinarazi duenez, ospitaleratu dituzten bi pertsona horietako batek "burua irekita" zuen, baina beste "hamarkak" ere zauriak dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea