Politika -

Eusko Legebiltzarra

PPk ez du, oraingoz, Bakerako Lantaldean parte hartuko

Iñaki Oyarzabalek azaldu duenez, "EH Bilduk terrorismoa justifikatzen jarraitzen duelako" hartu dute erabaki hori. Alabaina, PPk ez du baztertu aurrerago aipatu lantaldean izatea.

Iñaki Oyarzabal, gaur. Argazkia: EiTB
Iñaki Oyarzabal, gaur.
PPk ez du bake lantaldearen eraketan parte hartuko

1:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularra ez da Legebiltzarrean bihar osatuko den Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldean izango, bere iritzian, horretarako "gutxiengo baldintzarik ez dagoelako" eta "EH Bilduri gehiago exijitu behar zaiolako".

Iñaki Oyarzabal PPko idazkari nagusiak jakinarazi du berria, gaur goizean bere taldeak egindako bilera batean hala erabaki ostean.

Duela hilabete Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldearen eraketa atzeratzea erabaki zuten, Laura Mintegik ETAren hilketek oinarri politikoa duela esan ostean piztu zen ika-mikaren ondorioz.

Nolanahi ere, Oyarzabalek erantsi du PPk ez duela baztertu aurrerago lantalde horretan parte hartzea, eurak bertan egotea gizartearentzat eraginkorragoa bada ulertuz gero.

Arrazoiak

Bakegintzari buruzko osoko bilkura berezian, PPk nolabaiteko prestutasuna agertu zuen Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldean parte hartzeko, "gutxiengo oinarri etikoa" bermatuta zegoelakoan. Baina azken asteotan ezker abertzaleko zenbait buruzagik egindako adierazpenek atzera egitera eraman dutela adierazi du Oyarzabalek.

PPren aburuz, "EH Bildun atzeranzko aldaketa izan da, Batasunaren jarrera klasikoetara bueltatu dira, ETAren ekintza terroristak justifikatzeko asmoz".

Adibide zehatzik jarri ez badu ere, Oyarzabalek esan du azkenaldian adierazpen "antidemokratiko" ugari egin direla, "ezker abertzalearen munduan eta PPren munduan hizkuntza bera erabiltzen ez dela agerian utzi dutenak".

Lantaldearen helburua

Gauzak horrela, Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldearen benetako helburua zein den argitzea eskatu du PPk, "terrorismoari zilegitasuna kentzea edo EH Bilduren eskizofreniarekin eta aldarrikapenekin nahastea".

Oyarzabalek azpimarratu du beragatik izan ez balitz, lantalde hori "EH Bilduren eta Batasunaren neurrira osatuko litzateke".

EH Bilduren aurrean "exijentzia maila argia" mantentzeko deia egin die Oyarzabalek EAJri eta PSEri, "ezker abertzaleak arrastaka eraman ez gaitzan".

Ildo horretan, EH Bilduren "presioari" eutsi dion alderdi bakarra PP izan dela eta lantaldean egon ez arren bakegintzari eta bizikidetzari buruzko eztabaidaren parte sentitzen direla azpimarratu du.

Etorkizuna

Hala eta guztiz ere, Oyarzabalek iragarri du PPren erabakia ez dela behin betikoa eta, beraz, aurrerago Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldean egon daitezkeela adierazi du.

Hori bai, zenbait baldintza jarri ditu: "batetik, PP bertan egotea gizartearen mesederako izatea, eta bestetik, egungo jarrera zatitzailea ahalbidetzen duten jarrerak amaitzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea