Politika -
Gobernu programa
Jaurlaritzak autogobernuari buruzko herri-galdeketa nahi du
EAE, Nafarroa eta Iparraldeko herritarren erabakitzeko eskubidea aitortzea nahi du, lurralde ezberdinen arteko lotura zein izan behar den lurralde ezberdinetako herritarrek eurek erabaki dezaten.
Erredakzioa
Autogobernuari buruzko lantaldea osatuko du Jaurlaritzak legegintzaldi honetan, eta bertan hartzen diren erabakiak herri-galdaketa batean berresteko asmoa dauka.
'Estatus Politiko Berria' izeneko planean aipatzen da puntu hori, Iñigo Urkulluk gaur aurkeztu duen Gobernu programaren baitan.
Legebiltzarrean osatuko den lantalde horren helburuetako bat bertan hartuko diren erabakiak euskal gizartearen oniritzia izatea da, "euskal gizartea bere osotasunean bere etorkizunaren jabe izan behar baita".
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak "euskal lurralde guztietako" herritarren erabakitzeko eskubidea aitortzea nahi du, ondoren "euren kabuz erabaki dezaten euren arteko lotura zein izan behar den". Ildo horretan, marko instituzional bakar bat osatzeko aukera ere aintzat hartu behar dela dio, "euskal gizartearen gehiengoak hala nahi badu".
Bake lantaldea
Bakea, Giza Eskubideak eta Bizikidetza alorrari dagokionez, euskal erakundeetan hartzen diren erabakiak Europako erakundeetara eramateko neurriak hartuko dituztela iragarri du Jaurlaritzak, "Europar Batasunaren inplikazioa eta parte-hartzea lortzeko asmoz".
Bestalde, ostegunean Eusko Legebiltzarrean osatuko duten bake eta bizikidetza lantaldean "talde guztiek" hartuko dute parte iritzi dio Urkulluk, "hasieratik izango ez bada ere". "Ez dut baloratuko talde guztiak hasieratik egongo ote diren, garrantzitsuena lantaldea sortzea baita", gaineratu du.