Politika -
Petronor
Urkullu 'minduta', bere bizitzako datuak argitaratuta ikusteagatik
Oporretan egon den bitartean Jaurlaritzako sailburu guztiekin, Estatuko erakunde eta enpresetako ordezkariekin eta EAEko enpresa batzuetako goi-kargudunekin harremanetan izan dela azaldu du Urkulluk.
I.G.
Petronorreko koke planta berriaren inauguraziora ez joateagatik argitaratutako informazioen eraginez "oso minduta" dagoela esan du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Agenda arazoak argudiatuta, lehendakaria ez zen ekitaldira joan, baina egunkari batek lehendakaria oporretan zegoela argitaratu zuen.
Argitaratutako informazio horien aurrean bere kezka eta haserrea agertu ditu lehendakariak. Inaugurazio horretan ez egoteak "inori ez dio kalte egin", azpimarratu du Urkulluk, eta, pertsona bezala "beste esparru batzuk" ere jorratu behar dituela gaineratu du.
Horrez gain, ekitaldira Jaurlaritzako ordezkaritza bidali zuela gogoratu du. Hala ere, "lehendakari bezala" inaugurazio hori ez zegokiola gehiegi nabarmendu du Urkulluk.
Oporretan egon den bitartean Jaurlaritzako "sailburu guztiekin", Estatuko erakunde eta enpresetako ordezkariekin eta EAEko enpresa batzuetako goi-kargudunekin harremanetan izan dela nabarmendu du Urkulluk.
Lehendakariak esan du ez duela onartuko bere esparru pribatua hedabideetan argitaratuta ikustea. "Nire bizitza pertsonala gordetzen ere eredugarri izan behar dut", amaitu du.