Politika -
Gorenaren epaia
Segiko kide izateagatik 8 gazte zigortu eta beste 7 absolbitu dituzte
Auzitegi Gorenak sei urteko espetxe zigorrak ezarri dizkie zortzi gazteei. Eleak mugimenduak manifestazioa deitu du astearte honetarako, Donostian.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak sei urteko espetxe zigorra berretsi die zortzi gazteri Segiko kide izatea leporatuta, "talde terroristako kide zirela frogatzeko froba nahikoak daudela" argudiatuta.
Gorenak, ordea, beste zazpi gazte absolbitu ditu horien zigorrak "kale borroka ekintzetan oinarritzen zirelako eta auzi honetan ez direlako ikertu".
Era honetan, Ekaitz de Ibero, Igor Alvarez, Urko Picaza, Asier Mariezcurrena, Unai Perez, Pello Maria Lamarca eta Beñat Apalategi absolbitu ditu Auzitegi Gorenak. Mikel Arretxe, Egoi Alberdi, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, Imanol Vicente, Nahikari Otaegi eta Ekaitz Ezquerra, berriz, espetxeratzeko agindua eman du. Seina urteko zigorra ezarri die Gorenak.
Defentsaren arabera, kale borrokarekin lotutako gertaerak ez ziren auzian ikertu, eta epaian ere, lekukoen testigantzekin ez ziren aztertu. Gainera, talde terroristako kide izatea frogatzeko froga nahikorik ez zegoela argudiatu du.
Gorenak arrazoia eman dio defentsari "Auzitegi Nazionalak ez zituen kale borroka ekintzak epaitu behar izan" esanez, eta "epaitutako gauzaren" efektuaren jurisprudentzia aipatu du batetik, eta non bis in idem printzipioa bestetik: hau da, behin epai irmoa eman eta gero, gertaera beragatik pertsona bat ezin da berrio auzipetu esaten duena.
15 gazteak 2007an atxilotu zituzten, 2005. urteaz geroztik Donostian egondako kale borroka ekintzak ikertzeko poliziak burutu zuen operazioan.
2011ko urrian, Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia baliogabetu zuen; izan ere, epaiaren arabera, defentsak eskatutako frogak jaso behar zituen ebazpenak, eta ez zen halakorik egin.
Hilabete beranduago ordea, Auzitegi Nazionalak berriz ere hamabost gazteak zigortu zituen. Helegitea aurkeztu zuten, eta gaur eman du epaia Auzitegi Gorenak.
Manifestazioa, Donostian
Eleak mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Donostian, epaiaren kontra. Eleak mugimenduak salatu duenez, egun bederatzi dira ''kartzelara joateko arriskuan'' dauden gazteak.
Astearte honetan, 12:00etan, prentsaurrekoa eskainiko du mugimenduak, epaia baloratu eta protesta gehiago iragartzeko.