Politika -
Cristina infantaren inputazioa
Infantaren zitazioa atzeratu egin liteke, helegiteari denbora emateko
Ustelkeriaren kontrako fiskala infantaren inputazioaren kontrako helegitea bukatzear da, eta bihar edo, asko jota, astelehenan aurkez dezakete. Mario Pascual Vives ez da izango infantaren abokatua.
Erredakzioa
Hilaren 27rako deitu du epaileak deklaratzera Cristina infanta, baina zitazioa atzeratu edo bertan behera gera liteke, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak aurkeztuko duen helegitea bideratzeko denbora nahikoa egon dadin.
Ustelkeriaren kontrako Balerretako fiskala Cristina infantaren inputazioaren kontrako helegitea lantzen ari da jada, Fiskaltzako iturriek baieztatu dutenez, eta bihar bertan, edo, asko jota, astelehenean aurkez dezake.
Behin helegitea aurkeztuta, Jose Castro epailak bi aukera izango lituzke: helegiteari ohiko bidea eman, beste erabakirik hartu gabe; ala zitazioa geldiarazteko erabakia hartu. Iturri judizialek baieztatu dutenez, azken hori egingo balu, helegitea ebazteko denbora egotea bermatuko litzateke.
Palmako Auzitegiak helegitearen inguruan kaleratu beharko lukeen ebazpena ez litzateke berehalakoa izango, berau aurkezteko izapideek egun batzuk behar dituztelako, eta berez organismo judizialak duen lanaren zamagatik.
Urdangarinen abokatuak ez du infanta defendatuko
Mario Pascual Vives Iñaki Urdangarinen abokatuak ez du Cristina infantaren defentsa eramango, abokatuak berak baieztatu duenez. Hala ere, ez du erabakiaren arrazoien berri eman. ''Ez da egokiena, arrazoi askorengatik'', esan du Pascual Vivesek.
Inputazioa jakin eta gutxira, Urdangarinen eta infantaren etxebizitzan izan zen atzo abokatua, eta ''zoritxarrean bat eginda'' ikusi zituela esan du gaur.
''Infantaren bozermailea'' ez dela azpimarratu ondoren, Pascual Vivesek adierazi du Cristina ''kezkatuta'' ikusi zuela.
Bestalde, Errege Etxeak infantari abokaturik jarri ote dion jakin ez dakiela azaldu du.