Politika -
Larunbatean
Herrirak dio 'bakearen apologia' egingo dutela manifestazioan
Gainera, euskal presoen eskubideen aldeko plataformak kexa formala aurkeztu dio Frantziako kontsulari, Xabier Lopez Peña presoaren heriotzaren inguruko "azalpenak" eman ditzan.
Erredakzioa
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari erantzun dio gaur Herrira euskal presoen eskubideen aldeko plataformak, eta larunbateko manifestazioan "bakearen apologia" egingo dutela eta "herri honek bizi duen gatazkari irtenbide politikoa ematea" eskatuko dutela azaldu du.
Urquijo Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin jarri zen atzo harremanetan, manifestazioan Xabier Lopez Peña hildako presoari omenaldia egin nahi diotela eta hori terrorismoa goratzea izango litzatekeela salatuz.
Roberto Noval Herriraren ordezkariak Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean egindako kontzentrazio batean azaldu duenez, manifestazioaren helburua "Lopez Peñarena bezalako egoerak ez daitezela errepikatu aldarrikatzea izango da".
Gainera, "preso guztien eskubideak errespetatzea" eta "salbuespen neurriak amaitzea" eskatuko dute.
Kexa formala
Ehunka pertsona bildu dituen kontzentrazio horretan, Herrirak kexa formala aurkeztu dio Frantziako kontsulari, Xabier Lopez Peñaren inguruan gertatutakoa "azal dezan".
"Ez dugu medikuen informaziorik eta mediku taldeak ere ez digu asteotan gertatu denaren inguruko azalpenik eman", salatu du Novalek.