Politika -

Urdangarin auzia

Margallo: 'Inputazioak ez dio mesederik egiten Espainia markari'

Ana Pastorrek, bestalde, Koroari fideltasuna erakutsi dio, eta ez du Espainiako Erregearen alabari egotzitakoaren inguruan iritzirik eman.

Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroa. EFE.
Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroa. EFE.
Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroa. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina infantaren inputazioa eta Monarkiari eragiten dioten kontuak direla-eta Gobernua ''kezkatuta'' dagoela aitortu du ostegun honetan Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroak, eta gaia ''azkartasunez bidera'' dadila eskatu du, ez diolako mesederik egiten Espainia markari.

Infantaren inputazioa erabaki judiziala dela adierazi du ministroak, eta Gobernuak eta PPk erabaki judizialak beti errespetatu izan dituztela azpimarratu du Margallok. ''Eskatzen dudana azkartasuna da, egoerak ez diolako Espainia markari mesederik egiten'', gaineratu du.

''Erabaki judizialekiko errespetua''

Fatima Bañez Enplegu ministroak ere erabaki judizialekiko errespetua berretsi du. ''Gobernuak erabaki judizialak eta Justiziaren jarduna errespetatzen ditu. Demokrata gisa, botere banaketa errespetatu behar dugu'', gaineratu du.

Koroari fideltasuna erakutsi dio Pastorrek

Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak monarkiari fideltasuna agertu dio gaur, Espainian "egonkortasun gehien ematen duen instituzioa delako eta izaten jarraituko duelako". Horrekin batera, ez du Noos auzian Cristina infanta inputatu izanaz iritzirik eman nahi izan.

SER irrati-katean egindako deklarazioetan, Pastorrek esan du Gobernuak ez duela tribunalen erabakiei buruz iritzirik emango, eta gogoratu du Espainian "botereen banaketa" dagoela nabarmendu du. Horregatik, botere judizialari lan egiten utzi behar zaiola eta justiziaz fidatzen dela adierazi du.

Pastorrek azpimarratu duenez, egungo eredu konstituzionala duela hainbat hamarkada aukeratu zen. Hala, "Estatuari egonkortasun gehien ematen dion eta ematen jarraituko dion eredua izango da", eta "monarkia Espainiako demokrazia egonkortzeko oso garrantzitsua da", gaineratu du.

PSOEk Errege Etxeari neutral izateko eskatu dio

Erregearen alabaren inputazioaren aurrean neutral jokatzeko eskatu dio PSOEk Errege Etxeari. Era berean, "Justizia egiteko Justiziari ekiten uzteko", eskatu dio.

Cristina infantaren inputazioaren aurrean jokabide neutrala izateko eskatu dio Elena Valenciano PSOEko idazkari nagusiak Errege Etxeari, eta "Justizia egiteko Justiziari ekiten uzteko".

Ferrazeko egoitza sozialistan emandako prentsaurrekoan, "erakunde guztiei", Parlamentuari, Gobernuari eta "Errege Etxeari" Jose Castro epailearen edo Fiskaltzaren alde ez agertzeko eskatu die Valencianok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea