Politika -

Infanta, epaile aurrera

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak inputazioaren kontra egingo du

Cristina infantaren inputazioaren kontra helegitea jarriko du Fiskaltzak. Epaileak deklaratzera deitu du infanta, baina hitzordua atzeratu, bertan behera utzi edo baliogabetu dezakete.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak helegitea jarriko du Cristina infantaren inputazioaren kontra, Fiskaltzako iturriek Efe agentziari jakitera eman diotenez.

Asteazken honetan, Jose Castro epaileak inputatu gisa deklaratzera deitu du Cristina Espainiako infanta 'Noos auzia'ren baitan, Diego Torres Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak auzitegian aurkeztutako mezu elektronikoak aztertu ostean. Zehazki, lankidetza eta konplizitate zantzuak atzeman ditu epaileak, eta, hala, deklaratzera deitu du Cristina infanta, apirilaren 27an, Mallorcako Auzitegian.

Lehenik, Castro epailearen aurrean eta, ondoren, Palmako Probintzia Auzitegian jarri dezake Fiskaltzak helegitea, epailearen testuak berak jasotzen duenez; baina, Fiskaltzako iturriek dagoeneko aurreratu dutenez, zuzenean Palmako Probintzia Auzitegira joko dute, eta epaileak infanta inputatzeko mahai gainean jarritako zantzuek inpuntazioa babesteko ''indar nahikorik ez duela'' defendatuko dute.

Fiskaltzak bost egun ditu helegitea jartzeko, eta erabakia hilaren 27a baino lehen jakinaraztea espero du. Izan ere, egun horretarako deitu du epaileak Cristina infanta. Ondorioz, hitzordua atzeratu, bertan behera utzi edo baliogabetu dezakete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea