Politika -

Apirilaren 27an deklaratuko du

Cristina infanta inputatu dute Noos auzian

Lankidetza eta konplizitate zantzuak atzeman ditu epaileak. Errege Etxeak 'harridura' agertu du epailearen 'jarrera aldaketa' dela-eta, eta Fiskaltzak inputazioaren kontrako helegitea jarriko du.

Cristina Espainiako infanta. Argazkia: Efe
Cristina Espainiako infanta.
Cristina infanta inputatu dute

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Castro epaileak inputatu gisa deklaratzera deitu du Cristina Espainiako infanta, Noos auziaren baitan, Diego Torres Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak auzitegian aurkeztutako mezu elektronikoak aztertu ostean, Balear Uharteetako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.

Castro epaileak lankidetza eta konplizitate zantzuak atzeman ditu infantaren jardunean, eta, haren ustez, Cristinak baimena eman zitzakeen Urdangarinek eta Torresek berak erregearekin duen harremanari etekina atera ziezaioten. Hala, infantarena ''beharrezko lankidetza'' edo ''konplizitatea'' izan zitekeen, epailearen ustez.

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak dagoeneko iragarri du helegitea jarriko duela infantaren inputazioaren kontra, eta Errege Etxeak 'harridura' agertu du epailearen 'jarrera aldaketa' dela-eta.

Espainiako infantaren deklarazioa apirilaren 27an izango da, goizeko hamarretan, Mallorcako Auzitegian. Iñaki Urdangarin Noos institutuko presidente zenean ustez diru publikoa, sei milioi euro, desbideratu ote zituzten ikertzen ari dira. Urdangarin 2011ko abenduan inputatu zuten, eta bi aldiz hartu diote deklarazioa Auzitegian, 2012ko otsailean, eta 2013ko hilabete berean.

Castro epaileak Noos institutuan eta Aizoon SL merkataritza elkartean egin duen lanaren inguruan galdetuko dio Cristina infantari. Era berean, bi horien bitartez "jasotako diruaren kudeaketa eta helburua" zein ziren argitzeko eskatuko dio.

Zalantza ez argitzea ''Justizia denentzat berdina den ideia zikintzea litzateke''

Castrok 19 orrialdeko epaian azaldu duenez, ''Justizia denontzat berdina den ideia'' zikinduko litzateke, ez balitz argituko Cristina infanta jakitun ote zen zantzuek dioten bezala Urdangarinek bera Noos institutuan eta Aizoon SL enpresako kideen artean egotea bere mesedetan erabili ahal izan zuela. Halaber, zalantza horiek ez uxatzea epaitegien ohiko jardunarekin kontraesanetan erortzealitzake, epailearen hitzetan.

Hala, testuaren arabera, Cristina infantak bere izenaren erabileraren ingurukoak ez zekizkiela zalantzan jartzen dituzten 14 zantzu aurkitu ditu epaileak. Castroren arabera, Diego Torresek egindako adierazpenetik, Torresek berak mahai gainean jarritako mezu elektronikoetatik eta Carlos Garcia Revenga infanten idazkariak egindako adierazpenetik datoz zantzu horiek.

Epaileak azaldu duenez, zantzu horiek, bere horretan, ''ez dute inputazioa sustengatzeko indar nahikorik'', eta ez dute infantak Noosen eta Aizoonen jardueretan ''modu aktibo batean parte hartu zuenik'' frogatzeko pisu nahikorik; baina, hala ere, agerian uzten dute ''nahikoa zela hark erregearekin zuen harremana erabiltzeko baimena ematea''.

Mezu elektronikoak

Castrok gaur argitaratutako autoan azaltzen duenez, 2012ko martxoan uko egin zion Cristina infanta inputatzeari, baina orduan ez zuela inputatzeko datu objektiborik azpimarratu du.

"Duela gutxi", ordea, egoera hori aldatu egin da. Izan ere, Diego Torresi eta Carlos Garcia Revenga infanten idazkariari deklarazioa hartu eta Torresek helarazitako mezu elektronikoak aztertu ostean, badaude infanta inputatzeko "zantzuak".

Torresek aurkeztutako mezuetan, Urdangarinek Noos institutuarekin egin behar zituen kudeaketa batzuen inguruko galderak egiten dizkio Cristina infantari.

Mezu elektroniko batean, 2003ko otsailaren 20an bidalitakoan, "bidali nahi dudan Noosen informazio bat" helarazi zion Urdangarinek Juan Carlos Espainiako erregearen alabari. "Bi bertsio daude. Bezeroak, 'colab' eta lagunak, eta beste bat Octagonentzat (ez ditut hautsak harrotu nahi). Irakur ezazu eta esadazu zer pentsatzen duzun please... Ciao".

Harridura, Errege Etxean

Inputazioa jakin eta berehala, Errege Etxeak ez du inputazioaren inguruko adierazpenik egin nahi izan; izan ere, bozeramaile ofizial batek azaldu duenez, Errege Etxeak "ez ditu erabaki judizialen inguruko adierazpenak egiten". Ordu batzuk geroago, dena den, epailearen 'jarrera aldaketa' dela-eta 'harrituta' agertu da. Fiskaltzak neurriaren aurkako helegitea aurkeztearekin ''erabat ados'' agertu da.

''Justizia denentzat berdina denla adierazten du''

Gobernuak eta PPk oraindik ez dute inputazioaren inguruko baloraziorik egin. Gainerako alderdien artean, berriz, ''justizia denontzat berdina'' dela azpimarratzea izan da erreakzio nagusia.

Urdangarinen abokatua, infantaren inguruko ''jarraibideen zain''

Cristina infantaren defentsa eraman behar duen galdetuta, Mario Pascual Vives Iñaki Urdangarinen abokatuak esan du  ''jarraibideen zain'' dagoela. ''Ohorea'' litzakeela adierazi du, ''baina ez dakit niri egokituko zaidan'', gaineratu du. Bartzelonan duen bulegora sartu aurretik egin ditu adierazpenak Pascual Vivesek.

Ondoren, Pedralbesen (Bartzelona) izan da Mario Pascual Vives abokatua. Aurretik Cristina infanta etxean sartu da, autoz, ikusmin handia piztuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea