Politika -

Aberri Eguna

Independentistak sareak Euskal Estatua defendatu du krisitik irteteko

"Etorkizuna, independentzia" lelopean, Estatu propiorik ezean, ezin dela krisitik atera nabarmendu dute.

Manifestazioa Iruñean. EFE
Manifestazioa Iruñean. EFE
Independentistak eta abertzaleak Iruñeako kaleetan zehar

1:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek Euskal Estatua defendatu dute krisiari aurre egiteko, Aberri Eguna dela eta Iruñean egin duten manifestazioan.

Ikurrina handi batekin eta "Independentzia" lelopean, Nafarroako hiriburuko kaleetan zehar martxa jendetsua egin dute Independentistak sareak deituta. Bertan, independentziaren aldeko oihuak ez ezik, presoak hurbiltzeko aldarriak ere entzun dira.

Sortuko, Eusko Alkartasunako, Aralarreko, Alternatibako eta Abertzaleen Batasunako kideak egon dira, besteak beste, Pello Urizar, Carlos Garaikotxea lehendakari ohia, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Pernando Barrena eta Rufi Etxebarria Sortuko ordezkariak.

Udaltzaingoaren arabera 8.000 lagun inguru bildu dira. Manifestazioa deitu dutenek ordea, ez dute zifra zehatzik eman eta milaka eta milaka izan direla nabarmendu dute.

Manifestazioa Sarasate pasealekuan amaitu da, eta bertan, Garbiñe Bueno Independentistak sareko ordezkariak hartu du hitza. Estatu propiorik gabe, ezin dela krisitik atera nabarmendu du.

"Burujabetze ezak, Espainiako eta Frantziako Gobernuen esku uzten gaitu, gaitasunik gabeko politikari ustelen menpe", adierazi du. Hori dela eta, "independentzia beharrezkoa" dela aldarrikatu du.

"Ez dugu inork gure ilusioak, bakea, askatasuna, ekonomia eta etorkizuna zapuztea utziko", adierazi du. Ildo horretan, "demokrazia aurretuagoa lortzea bideragarriagoa da Euskal Estatuan, eta ez Espainian edota Frantzian", azpimarratu du.

Independentzia jada ez dela soilik abertzaleen auzia esan dute, "oinarri anitza duen proiektu soziala baizik, toki askea eta baketsua nahi duten lagun guztientzat irekita".

Martxa hasi baino lehen, Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramailea Xabier Lopez Peñaren heriotzaz mintzatu da. Sentsibilitate ezberdinetako lagunak ordezkatzen dituztela esan du, horregatik, ezin dutela gertaera zehatzez hitz egin, baina "horrelako gertaera lazgarriaren aurrean, Euskal Herrian kezka eta sumina" dagoela esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea