Politika -
Eusko Legebiltzarrean
Aurrekontuei osoko zuzenketa aurkezteko keinu egin du EH Bilduk
EAJk negoziaziorik bilatu ez duela salatu du Marian Beitialarrangoitiak. Aurrekontu "konformista batentzako atxikimendua" bilatu dute jeltzaleek. Beste aurrekontu proiektu bat eskatu du Pastorrek.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontu Egitasmoari osoko zuzenketa aurkezteko keinu egin du Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak. Proiektua atzera bota eta beste berri bat egiten hasi ezean zuzenketa aurkezteko aukera gero eta gehiago daudela ohartarazi du Beitialarrangoitiak.
Sail bakoitzak Gasteizko Ganberan aurrekontuak aurkeztu ostean Iñigo Urkulluren Jaurlaritzak egindako egitasmoa "konformista eta inmobilista" dela argi geratu da, adierazi du Beitialarrangoitiak Eusko Legebiltzarrean emandako prentsaurrekoan.
Zentzu horretan, aurrekontuetan akordioa bilatzeko bilera sorta berria iragarri du Jaurlaritzak. Exekutiboak proiektua atzera bota eta berri bat egiten hasteko "aukera ona" da, EH Bilduko bozeramailearen hitzetan.
Urkulluk eskakizuna aintzat hartzen ez badu osoko zuzenketa aurkezteko aukera dagoela esan du Beitialarrangoitiak: "EH Bilduren irakurketa bide horretatik doa". Baina oraindik Bilduren proposamena onartzeko "denbora" dagoela gaineratu du.
EAJk negoziaziorik bilatu ez duela salatu du Marian Beitialarrangoitiak. Orain arte aurrekontu "konformista batentzako atxikimendua" bilatu dute jeltzaleek.
PSE
Bestalde, Jose Antonio Pastor PSEren Legebiltzarreko bozeramaileak beste aurrekontu proiektu bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari berriro. Diru-sarrera handiagoak lortzeko egitasmo bat nahi dute sozialistek, bestela, aldaketarik ez badago, osoko zuzenketa aurkeztuko dutelako.
Jose Antonio Pastor PSEren Legebiltzarreko bozeramailea. Argazkia: EFE
"Gauzak asko aldatzen ez badira, PSEk osoko zuzenketa aurkeztuko du", adierazi du agintari sozialistak.
"Nik ez nituzke ateak itxiko", ziurtatu du gaur Andoni Ortuzar EBBko presidenteak. Jeltzaleen helburua Eusko Jaurlaritzari egonkortasuna ematea dela azaldu du Ortuzarrek.