Politika -
Aberri Eguna
EAJk erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzeari helduko dio
Hala ere, lehentasuna, une honetan, "larrialdi sozialen garaiari" aurre egitea dela azpimarratu dute jeltzaleek.
Erredakzioa
"Bake eta elkarbizitza iraunkorra" sendotzeko konpromisoa agertu du EAJk, "euskal aberri berri askea" bultzatzeko, Europarekin "lotutakoa", eta "muga bakarra" horren "herritarren borondatea" duela.
Aberri Eguna dela eta aurkeztutako idatzi batean jeltzaleek "erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzeko estrategia progresibo eta integral bati" helduko diotela azaldu dute, baina euren lehentasuna, une honetan, "larrialdi sozialen garaiari" aurre egitea dela azpimarratu dute.
Hori dela eta, lehenik, "sufrimendua arintzeko" ahaleginak indartuko dituztela azpimarratu du EAJk.
Aberri Eguna dela eta, Ortuzar buru duen alderdiak, "Araba, Bizkaia, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoak osatutako Euskal Herria aitzatesteko" eskatu du. Halaber, "munduko gainerako herrialdeekin eta nazioekin baldintza berdintasunean" etorkizuna "libre eta demokratikoki erabakitzeko" eskubidea aldarrikatu du.
Hala, "bakearen eta elkartasunaren inguruan gutxieneko kontsentsu bat" lortu nahi du, "Euskadin adiskidetze aro berri bati ateak irekitzeko" eta "erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzeko estrategia progresibo eta integral bat bultzatzeko".
Krisiaren aurrean, akordioetara heltzeko deia
EAJk adierazi duenez, "akordioak bilatu, adostu eta egungo krisiari aurre egiteko ekimen bateratu baten aldeko babesa" lortzeko garaian "ez du zalantzarik egingo". Hori dela eta, "ezkortasunaren aurrean" indar politiko, ekonomiko eta sozialekin "gutxieneko adostasuna lortzen" saiatuko dela azpimarratu du, "krisi ekonomikoari aurre egiteko".
Hala, gainerako agente politiko eta sozialei ere horren aldeko ahalegina egin dezatela eskatu diete jeltzalek, egungo "larrialdi garaian" inork ez lukeelako ulertuko "elkarrekin lanean aritu beharrean" alderdien arteko "desadostasunak erakusten ibiltzea".