Politika -
Elkarrizketa ETB-n
Urkullu: 'Harrigarria da ETAren agendan desarmea ez egotea'
"Zein zen egiaztatzaileen zeregina? Zer egiaztatu behar zuten", galdetu du lehendakariak, eta "ondorioak" presoek pairatuko dituztela gaineratu du.
Manu Gimenez
Iñigo Urkullu lehendakariak gogor kritikatu du ETAk "bakea baldintzatuko duen eragile" izan nahi duela gaur argitaratu duen agiriaren bidez. Agiri horretan, ETAren ordezkariak Oslotik kanporatzeak "gatazkaren konponbidea atzeratzen eta zailtzen" duela salatu du erakunde armatuak.
Abenduan lehendakari kargua hartu zuenetik ETBn egin dioten bigarren elkarrizketan adierazi duenez, ETAren agiriaren irakurketa "ezkorra" egin du, eta harrituta agertu da ETAren "agendan desarmea ez zegoelako".
Horren harira, egiaztatzaileen zeregina zein zen galdetu du: "Zer egiaztatu behar zuten? Zertaz aritu gara hizketan?". Eusko Jaurlaritzako buruaren arabera, "ETAk biktima plantak egiten ditu, eta ez da ezeren biktima. Bakea baldintzatzen duen eragile izan nahi du. Baina aldebakarreko prozesua izango zela iragarri bazuen, norberari dagokio nola hasten den eta noiz amaitzen den erabakitzea. Aldebakarreko prozesu horretan desarmea sartu behar da", gaineratu du.
Ondorioak, presoentzat
ETAren arabera "negoziaziorako espazioak ixteak" sortuko dituen "ondorio ezkorrak" direla eta, Urkulluk uste du ez duela "etorkizun ona iragartzen", baina ETAk jarduera armatuari dagokionez hartu zituen erabakian "atzerapausoak ez izatea" espero du.
Era berean, agiriaren ondoren, presoen egoerak "kezkatu" egiten duela adierazi du, haiek izango baitira, bere esanetan, "ondorioak" pairatuko dituztenak.
Kartzela politika
Presoekin jarraituz, Urkulluk gogorarazi du "80ko hamarkadatik" eskatu dutela "kartzela politika aldatzea". Gainera, "eskumena gurea izango balitz, preso guztiak EAEn egongo lirateke. Hori bai, ikusi egin beharko litzateke preso horien gaineko politika Eusko Jaurlaritzarena izango litzatekeen".
Presoak urruntzeak ez duela "zentzurik" eta aldarrikapen hori "Espainiako presidenteari, hitzez eta idatzita" helarazi diola azpimarratu du, baina "oraindik erantzunaren zain" dagoela.
Biktimak
Biktimei dagokionez, Urkulluk itxi egin du ETAren biktimek eskoletan testigantzak emateko programa bertan behera gera zitekeela eta sortutako polemika, izan ere, aurreko Jaurlaritzak sustatutako egitasmoarekin jarraituko dutela iragarri du.
Eskozia
Eskoziak 2014an egingo duen erreferendumaren inguruan galdetuta, lehendakariak uste du Eskoziakoa "erreferente bat dela metodoari dagokionez", eta "EAJri arrazoia" ematen diola, "beti aldarrikatu baitu erabakitzeko eskubidea adostua".
Hala ere, "Eskoziaren eta Euskadiren helburuak eta errealitateak propioak eta desberdinak dira". Hori dela eta, "nire proposamena autogobernuaren estatusa berrikustea da, lantaldea bat osatzea eta lasaitasunez ze estatus nahi dugun erabakitzea".
ELKARRIZKETAREN BIGARREN ZATIA:
Urkullu: 'Jaurlaritzak ez du aurreikusitakoa baino gehiago gastatuko'