Politika -
Eusko Legebiltzarra
Bakerako 'zoru etikoa' berretsi dute EAJk, PSE-EEk eta PPk
EH Bildu eta UPyD abstenitu egin dira. Bakeari eta normalizazioari buruzko saio monografikoa egin du ostiral honetan Eusko Legebiltzarrak.
Erredakzioa
Joan den legegintzaldian bakerako lantaldeak lortutako akordioa berretsi egin du ostiral honetan Eusko Legebiltzarrak, EAJren, PSEren eta PPren aldeko botoekin.
Izan ere, hiru alderdiek adostu eta aurkeztutako proposamena izan da, eta, bakea lortzeko, indarkeriaren bidegabekeria, egindako kaltea eta biktimen duintasuna onartzea beharrezko jotzen ditu testuak. EH Bildu eta UPyD abstenitu egin dira hiru alderdiek egindako proposamenaren bozketan.
Koalizio abertzaleak eskatuta, bakeari eta normalizazioari buruzko saio monografikoa egin du gaur Eusko Legebiltzarrak, azken asteko polemiken itzalean.
EAJk, PSE-EEk eta PPk gaur onartutako proposamena ''abiapuntu egokia'' dela esan dute hiru alderdiek, eta ''bakea lortzeko apustu argi eta irmoa''. Ebazpenean azpimarratu dutenez, ''ezinbesteko zoru etiko'' batetik abiatu beharra dago bakea lortzeko, eta indarkeriaren bidegabekeria, egindako kaltea eta biktimen duintasuna onartzea beharrezkoak dira.
Norberak iraganarekiko duen erantzukizuna aitortu beharra ere jaso dute hiru alderdiek, eta giza eskubideen urraketaren kontrako ''memoria ez neutral'' bat eraikitzeko beharra ere bildu dute.
Mintegiren eta Manieroren kritikak
Erantzunei zuzendutako atalean, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak hiru alderdiek adostutako proposamena kritikatu du. ''Argi dago: Hemen helburua zen PP lantaldean integratzea, eta sakrifikatu egin duzue EH Bildurekiko hurbiltasuna. Hori jakinda ere aurrera jarraituko dugu, gure helburua bakea delako'', esan du. EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi duenez, ''ezker abertzalearen sentsibilitatea kanpoan utzita ez da bakea lortuko''.
Saioa bukatuta, Mintegik salatu du PSE-EEk eta EAJk ez dutela saioari ekin aurretik EH Bilduri emandako hitza bete. Halaber, ''Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldean egon dadin'' PPrekin batera blokea eratu izana egotzi die bi alderdiei.
Gorka Maneiro UPyD alderdiko ordezkariak ere EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako testua kritikatu du. ''Harrigarria da EAJren, PPren era PSE-EEren proposamenean ETA ez aipatzea. Ez da nahikoa. Guk neurri zehatzak proposatzen ditugu'', esan du bere agerraldian.
EH Bilduren eta UPyDren ebazpenak
Bestalde, EH Bilduk aurkeztu dituen proposamenen artean hiru onartu ditu Legebiltzarrak, eta UPyD alderdiak aurkeztutako beste bik ere aurrera egitea lortu dute.
Alderdiek ETAri buruzko hausnarketa argia eskatu diote EH Bilduri
Goizean, eztabaida oso gogorra eta irmoa izan da Legebiltzarrean, eta nabaritu egin dira azken asteko tentsioak. Izan ere, saioa joan den astean PPk eta EH Bilduk izan zuten ika-mikak eta Fiskaltzak Laura Mintegiren aurka abiatutako ikerketak baldintzatuta etorri da.
Saioan, gainerako alderdiek EH Bilduren aurka egin dute, eta ETA gaitzesteko eta desegitea eskatzeko deia egin diote.
Testuinguru horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak moderatzaile lanak egin ditu, alderdien arteko "mesfidantzak" gainditzearen aldeko hitzaldia eskaini du, eta Legebiltzarrak eratuko duen bake eta bizikidetza lantaldean alderdien proposamenei buruz "argi" hitz egitea proposatu du.