Politika -

Mintegiren hitzen ondoren

Forupekoak inputatzea posible da?

Gernikako Estatutuaren, Legebiltzarreko Araudiaren eta Konstituzioaren arabera, ezin dute legebiltzarkide baten kontrako prozesu bat abiatu, karguaren jardunean emandako iritziengatik.

Ezin da legebiltzarkide baten kontrako prozesu bat abiatu emandako iritziengatik
Ezin da legebiltzarkide baten kontrako prozesu bat abiatu emandako iritziengatik. Irudia: EFE
Ezin da legebiltzarkide baten kontrako prozesu bat abiatu emandako iritziengatik

I.G.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak joan den astean Eusko Legebiltzarrean Fernando Buesa sozialistaren hilketak "jatorri politikoa" zuela eta "elkarrizketaren bidez saihestea posible" izango zela esan eta gero hautsak harrotu dira han eta hemen, eta Fiskaltzan ere oihartzuna izan dute.

Atzo, osteguna, Fiskaltzak saio horretako akta eskatu zion, Juan Calparsoro EAEANeko fiskal nagusiak sinatuta, Eusko Legebiltzarrari, Mintegiren adierazpenak aztertzeko eta delitu diren zehazteko. Horren ostean, zilegi da honako galdetzea; zer gertatzen da forupeko politikari bat inputatu nahi dutenean? Legebiltzarrean egindako adierazpenak oinarri hartuta prozesu bat abiatu ahal da?

Zenbait araudi eta estatutu legebiltzarren adierazpen askatasuna babesten dute; Gernikako Estatutuak egiten du, baita Legebiltzarreko Araudiak ere. Horien arabera, ezin dute legebiltzarkide baten kontrako prozesu bat abiatu, karguaren jardunean emandako iritziengatik.

Gainera, Espainiako Konstituzioak ere forupekoak babesten ditu. Horren ildotik dauden artikuluek legebiltzarkidea baldintzatuta senti ez dadila dute helburu.

Halaber, araudiez gain, aurrekariak ere badaude, antzeko kasuak epaitegietan izan baitira. Jon Salaberria legebiltzarkideak izan zuen antzeko auzi bat.

2002an Estatuko Fiskaltza Nagusiak Salaberriaren kontrako salaketa bat jarri zuen, terrorismoa goratzea leporatuta. Eusko Legebiltzarrean ETAren jarduera defendatzea egotzi zioten.

"ETAren borroka armatua Euskal Herriak defendatzeko duen eskubidearen ondorio da. IRAren borroka armatua bezalakoa da, eta Gobernu britainiarrak Irlandako autodeterminazio eskubidea onartu zuenean armak utzi zituen", horiek izan ziren Salaberriaren hitzok.

7 urteko gaitasun gabetzea eta urtebeteko kartzelaldia izan zen Salaberriari jarritako zigorra. Baina ez zuen epaia bete, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi baitzuen handik eta gutxira.

Gorenak Konstituzionalaren aurrekariak hartu zituen oinarrian erabakia hartzeko; parlamentarien ukiezintasunak erantzukizunetatik salbuesten, eta edozein prozesuren aurrean babesten du.

 

Mintegiren hitzak

"Egon badago zirkinik egin gabe uzten ez nauen gauzarik. Ezin da esan lasai asko egon nintzela biktima baten omenaldian, biktima guztiek arrazoi politiko batengatik hil direlako, ez istripu batean, bihotzeko batek jota, minbiziak jota edo zorigaizto baten ondorioz'', esan zuen Laura Mintegik.

Hilketa horiek guztiak ''ekidin'' daitezkeela gaineratu du EH Bilduko ordezkariak, ''jatorri politikoa dutelako, eta gizartearen, pertsonen eta politikoen esku dagoelako''. ''Ez dut lasai asko egotea onartuko arrazoi politiko batengatik hil den pertsona bat omentzeko ekitaldi batean, hildakoa edozein izanda ere'', gaineratu zuen.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea