Politika -
Eusko Legebiltzarra
Horrela jarraitu dugu, zuzenean, bakeari buruzko saio monografikoa
16:30. EAJk, PSEk eta PPk aurkeztutako proposamen bateratua onartu dute. EH Bildu eta UPyD abstenitu egin dira. Osoko bilkura bukatu egin da.
D. P. /E.A.
16:30. EAJk, PSEk eta PPk aurkeztutako proposamen bateratua bozkatzen hasi dira. Onartu egin dute, hiru alderdien aldeko botoekin. EH Bildu eta UPyD abstenitu egin dira. Osoko bilkura bukatu egin da.
16:29. UPyDren bi proposamen eta EH Bilduren hiru ebazpen onartu dituzte.
16:24. Erantzunen txanda bukatuta, bozketei ekin die Legebiltzarrak. UPyDren eta EH Bilduren ebazpenak bozkatu dituzte.
16:06. Laura Mintegi: ''Argi dago: Hemen helburua zen PP lantaldean integratzea, eta sakrifikatu egin duzue EH Bildurekiko hurbiltasuna. Hori jakinda ere aurrera jarraituko dugu, gure helburua bakea delako''. ''Bake falta herri osoaren arazoa da'', gaineratu du.
15:52. Joseba Egibar (EAJ): ''Ez dut uste EH Bilduk gaur hona ekarri dugun proposamenarekin arazorik duenik. Koalizioaren barne kudeaketa da arazoa''.
15:46. Aresek Mintegiri: ''25 urte berandu zatozte. Ezin da Ajuria Eneako dokumentuaren interpretazio partzialik egin. Ez egin gu zuek garai berrietan kokatzeko dituzuen zailtasunen errudun''.
15:43. Aresek Maneirori: ''Proposamenak aipamen argia egiten dio ETAri. Gezurra esan duzu: Ageriko bi aipamen daude''. Ondoren, errektifikatzea eskatu dio.
15:42. Rodolfo Ares (PSE-EE): ''Joan den legegintzaldiko elkarrizketa eta adostuna jasotzen du gaur aurkezten dugun proposamenak. Legebiltzar honen gehiengoa ados gaude oinarrietan''.
15:26. ''Iseka da zuek orain Ajuria Eneako ituna aldarrikatzea. Hori al zen irtenbidea?. Eta hildako guztiak? Zuek dinamitatu zenuten eta...'', erantzun dio Quirogak Mintegiri.
15:30. Arantza Quirogaren (PP) txanda: ''Joan den legegintzaldian adostutako testuak minduta dagoen gizarte bati oinarriak ezartzen dizkio. Ezinbesteko abiapuntua da. Ahalegin handia izan zen, eta merezi du 2013 honetan ere Legebiltzarrak berrestea. Gure ustez, eginahalak merezi zuen''.
15:22. Mintegi: ''Gure ebazpenetan Lizarra, Loiola, Aiete eta Ajuria Enea daude''.
15:09. Mintegi (EH Bildu): ''Ikasi behar dugu samina indar bihurtzen. Ezingo da normaltasunik ezarri arazoaren muinera jo barik''.
15:12. Maneiro (UPyD): ''Harrigarria da EAJren, PPren era PSE-EEren proposamenean ETA ez aipatzea. Proposamena ez da nahikoa. Guk neurri zehatzak proposatzen ditugu''.
15:05. Abian da berriz osoko bilkura.
14:50. EAJk, PSE-EEk eta PPk proposamen bateratua itxi dute, joan den legegintzaldiko bake lantaldeak adostutakoa oinarri hartuta.
11:56. Bukatu da lehendakariaren hitzaldia, eta orain erantzunen txanda da. Proposamenak eta ebazpenak arratsaldean bozkatuko dituzte.
11:55. "Zubiak eraiki, jarrerak gerturatu, adostasunak landu, dena da beharrezkoa, denok gara beharrezkoak. Gaurko saioa inflexio puntua izatea lor dezakegu".
11:50. "Nahi adina saio monografiko antola ditzakegu, ehunka mozio aurkeztu, baina ez dugu urrats bat bera ere aurreratuko gure artean mesfidantza bada nagusi".
11:45. "Argi esango dut: beti esan dut euskal gatazka eta indarkeriak eragindako gatazka ez direla gauza bera. Terrorismoa ez da gatazka politiko baten ondorioa. Hori bai, ETAren indarkeria desagertzeak ez dakar euskal arazoa automatikoki konpontzea".
11:40. "Aurrera egin behar dugu, eta konfiantza sortzea da norabide bakarra. Hartu-eman politikoen arazo nagusia konfiantza eza da, hainbat hamarkadatako suntsipenaren ondorioz".
11:39. "Legebiltzar hau bizikidetza lortzeko esparrua izatea lortu behar dugu", esan du Urkulluk.
11:37. Iñigo Urkullu lehendakariaren txanda.
11:36. "Asmatuko bagenu, etorkizunean euskal gizarteak eskertu egingo digu".
11:35. Bozeramaile jeltzalearen ustez, "aurrerapauso handia" izango litzateke talde parlamentarioek "gutxieneko adostasun etikoa" izatea.
11:30. IRAk ere hanka-sartzeak aitortu zituela eta barkamena eskatu zuela gogorarazi dio orain Egibarrek EH Bilduri.
11:28. "Lasai lo egin daiteke horrela? Ez gabiltza ondo. 800dik gora pertsona hil dira, ezker abertzaleak horri erantzun egin behar dio [...] Nik gogoeta hori faltan botatzen dut. Ez dakit noiz egingo duen ezker abertzaleak, baina dagoeneko berandu da".
11:25. "Hor faltan botatzen dena zuen balorazio etikoa da. Ez dago balorazio demokratikorik ere. Ezker abertzalea begirale gisa aurkezten da, baina azkeneko 50 urte hauetan gertatu den horretaz balorazioa egitea ezinbestekoa da. Estatuak badu bere erantzukizuna, baina zuek pentsatzen al duzue ezker abertzaleak ez diola balorazio bat zor gizarteari 800dik gora pertsona hil dituen erakunde baten harira?".
Joseba Egibar (EAJ). Argazkia: EITB
11:22. Egibarrek txalotu egin du EH Bilduk ETAk biktimak aitortu izana, baina "gabeziak" ere sumatu ditu horren hitzaldian. Horren esanetan, koalizio abertzalea "begirale bat bezala" agertu da giza eskubideen urraketen aurrean, "kanpoan jarri da".
11:20. Amaitu da Rodolfo Aresen hitzaldia. Orain, Joseba Egibar (EAJ).
11:19. "Etorkizuna elkarrekin eraiki nahi dugu, baina ez dugu onartuko iragana berridaztea".
11:18. Arratsaldean ebazpen bakarra aurkeztuko dutela iragarri du, "gutxieneko lur-zoru etikoa" ezartzeko.
11:15. "Gaur ez da espetxe politikari edo esparru juridikoari buruz eztabaidatzeko eguna, saio honetan inportanteena ETAren azkena errotzeko oinarriak ezartzea da".
11:10. Aresek EH Bilduri zuzentzen jarraitzen du: "Aldatzeko eskubidea duzue, baina egitekoak ere badituzue: indarkeria justifikatu izana akatsa izan zela aitortu behar duzue. Espero dut azkar egitea, galdutako denbora berreskuratzeko.
Rodolfo Ares (PSE-EE). Argazkia: EITB
11:06. Orain arteko agerraldiak oso gogorrak eta irmoak izaten dira.
11:04. "Esango dizut, Mintegi andrea, Fernando Buesa eta gainerako biktimak ez zirela hil gaixotasun politiko batek jota; hil egin zituzten, demokrazia defendatzeagatik eta ETAren aurka agertzeagatik".
11:02. "Duela gutxi, denok arazoaren parte izan garela esan zuen Ugarteburuk. Guk onartzen dugu denok parte hartu beharko dugula konponbidean, baina ez dugu onartuko denok arazoaren parte izan garenik".
10:57. "Sufrimendua gizarteratzetik, erruak gizarteratzera pasatu zarete", esan die Aresek EH Bilduko legebiltzarkideei.
10:55. Bukatu du Basagoitik. Hitzaldi gehiena ETAko biktima guztien izenak aipatzen eman du. Rodolfo Aresen (PSE-EE) txanda.
10:54. "Atera hor kanpora, Bilduko jaun-andreok, eta inor hiltzeko arrazoirik ez zegoela esan ezazue. Atera hor kanpora, eta esan arrazoirik ez zenutela, eta egin duzuena gaizki zegoela. Gainerakoa, ahaztu, ez etorri Legebiltzarrera zuen erruak zuritzera".
10:51. Amaitu egin du zerrenda, ia 20 minuturen ostean, eta ondoren ETA ez gaitzestea egotzi dio EH Bilduri.
Antonio Basagoiti (PP). Argazkia: EITB
10:37. ETAko biktima guzti-guztien izenak irakurtzen ari da Basagoiti, banan-banan, azkenetik hasita.
10:35. "Orain egingo dudana ez da inoiz egin izan Legebiltzar honetan", esan du Basagoitik, eta, ondoren, ETAko 857 biktimen izenak irakurtzen hasi da.
10:32. Basagoiti EH Bilduri zuzendu zaio, eta ETAren atentatuak "txalotzea" egotzi dio. "Bai, errua duzue", esan die legebiltzarkide abertzaleei.
10.31. Bukatu da Gorka Maneiroren hitzaldia. Orain, Antonio Basagoiti (PP) arituko da.
10:27. UPyDk berretsi egin du ez dutela bake eta bizikidetza lantaldean parte hartuko, horren helburua ez delako "ETA menperatzea". "Lantaldeak ezker abertzalearen interesei buruz hitz egiteko balioko du", gaineratu du.
10:25. Presoek gizarteratze planari heltzeko, baldintza hauek betetzea eskatu dio Espainiako Gobernuari: ETAtik publikoki bereiztea, barkamena eskatzea, erantzukizuna aitortzea eta Justiziari laguntzea argitu gabe dauden atentatuak argitzeko.
10:23. "Akatsa da ETAren ordezkari politikoak erakundeetan egotea, ez baitituzte gaitzetsi euren bizilagunen hilketak".
10:18. Maneirok EH Bildurekin akordiorik ez bilatzeko itun bat eskaini die gainerako taldeei, "ETA gaitzesi eta baldintzarik gabe desegitea eskatu arte".
Gorka Maneiro (UPyD). Argazkia: EITB
10:16. "EH Bilduk preso politiko deitzen die ETAko presoei, deliturik egin izan ez balute edo horien krimenak ondo egongo balira bezala. Preso politiko esatea ETA justifikatzea da".
10:14. "ETAk bizirik dirau, mehatxu egiten eta agiriak publikatzen; ez ditu armak entregatu, ez da damutu eta ez dio Justiziari laguntza eman argitu gabe dauden hilketak argitzeko.
10:11. Maneiro: "Alderdien legearekin ondo geunden; ezker abertzalearen legalizazioarekin txarto gaude".
10:07. "Jakin badakigu EH Bilduk gezurra esaten duela, horren historia zuritzeko, baina jakin badakigu ETAren indarkeriaren erantzuleak direla".
10:06. Saio monografikoa egiteko eskaeran, EH Bilduk "erruak banatu eta ETAren indarkeria terrorista justifikatu" duela esan du Maneirok.
10:05. Bukatu da Arzuagaren hitzaldia. Gorka Maneiro-ren (UPyD) txanda.
10:04. EH Bilduk "zubiak eraiki" beharra dagoela dio, "gertatutakoa berriz ez errepikatzeko".
10:00. Arzuagaren esanetan, "ez ditugu indarkeria ezberdinen biktimak parekatu nahi; denak islatzea da gure nahia".
09:59. "Gatazkak oinarri politikoak ditu, eta horiek dira konpondu beharreko korapiloak. Ezin da orria pasatu lehenago idatzi gabe, hori akatsak errepikatzeko ate bat zabalik uztea litzateke", esan du EH Bilduko legebiltzarkideak.
09:55. Arzuagak giza eskubideen "urraketa guztien argazkia" egin behar dela adierazi du. Gainera, "espetxe politika indargabetzea, Espainiako Segurtasun Indarrak Euskal Herritik ateratzea eta bizikidetzan eragina duten inposaketa guztiak kentzea" eskatu du.
09:45. Estatuaren indarkeriaren biktimak ere ekarri ditu gogora, eta horiek ez daudela aitortuta eta biktimarioak ez dituztela jazarri salatu du.
Julen Arzuaga (EH Bildu). Argazkia: EITB
09:42. "ETAko biktimen aldeko omenaldietan parte hartu izan dugu, errekonozimendu eta errespetu osoz". Hitz horiekin, Arzuagak erantzun egin dio, zeharka, Arantza Quiroga PPko bozeramaileari, joan den astean Fernando Buesaren omenaldian "lasai asko" egon izana egotzi ziolako Laura Mintegiri.
09:40. EH Bilduk ETAko biktimak "aitortzen eta errekonozitzen" dituela adierazi du Arzuagak, "zor zaien errekonozimendutik egia, justizia eta erreparazioa bideratzeko".
09:30. Hasi egin da saioa. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea, hitz egiten lehena.
Eusko Legebiltzarrak bakeari eta normalizazioari buruzko saio monografikoa egingo du gaur, azken asteko polemiken itzalean. Saio monografikoa EH Bilduk eskatuta egingo dute.
Hain zuzen ere, joan den asteko saioan PPk eta EH Bilduk izan zuten ika-mikak eta Fiskaltzak Laura Mintegiren aurka abiatutako ikerketak baldintzatuta etorriko da gaurko saioa.