Politika -
Mintegiren aurkako ikerketa
Fiskaltzak 'iritziak epaitu' nahi dituela salatu du EH Bilduk
Koalizio abertzaleak eta EAJk kritikatu egin dute Fiskaltzaren ikerketa. PSE-EEk, PPk eta UPyDk, aldiz, babestu egin dute.
Erredakzioa
Juanjo Agirrezabala EH Bilduren legebiltzarkide eta Eusko Legebiltzarreko lehen presidenteordeak salatu egin du EAEko Fiskaltzak Laura Mintegi koalizio abertzalearen bozeramailearen aurka ikerketa abiatu izana, eta helburua "iritziak epaitzea" dela deitoratu du.
EH Bilduren hainbat legebiltzarkiderekin batera egindako agerraldi batean, Agirrezabalak babestu egin ditu Mintegiren hitzak, eta Fiskaltzak ikerketak ibilbiderik ez duela jakin badakiela adierazi du, legebiltzarkideak "forupekoak eta bortxaezinak" direlako.
"Hau hitzaren etxea zela esan ziguten, eta gure iritziak defendatzera etorri ginen Legebiltzarrera. Hitz egitera, adostera eta negoziatzera etorri gara. Ekarri ditugun iritzi guztiak politikoak dira, baina hau hitzaren etxea izatetik iskanbilen eta kereilen etxea izatera pasatu da", esan du.
EAJ
Eusko Legebiltzarrean EAJren bozeramaile den Joseba Egibarren iritziz, "esku-hartze onartezina" da Fiskaltzak Mintegiren adierazpenak aztertzea, "legebiltzarreko egitekoei eta iritzi, ekintza eta botoen bortxa-ezintasunari eragiten dioten oinarrizko eskubideak urratzen" dituelako.
Ordezkari jeltzalearen iritziz, Fiskaltzaren jarrera, "beste hainbatetan bezala, Madrildik zuzenduta, iradokita edo eskatuta etorriko da ziurrenik".
PSE-EE
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak egokitzat jo du Fiskaltzak ikerketa abiatu izana, eta Mintegiren adierazpenak "egungo egoera politikoarekin" bat ez datozela iritzi dio.
Halaber, bozeramaile abertzalearen hitzak biktimentzat "iraingarriak" direla eta Sorturen estatutuen "zintzotasuna" zalantzan jartzen dutela erantsi du. "Gutxienez, Fiskaltzak ikertu beharra dauka", esan du.
PP
Arantza Quiroga PPko bozeramaileak, berriz, Fiskaltzaren erabakia "errespetatzen" duela esan du, eta legebiltzarkideen adierazpen askatasunak "mugak" dituela eta ezin duela balizko deliturik babestu azaldu du.
Quirogak aitortu du legebiltzarkideek euren "adierazpen askatasuna" babestuta dutela, baina hori horrela dela "beti ere" adierazpen horiek "deliturik egiten" ez badute, eta kasu honetan, hain justu, "terrorismoa goratu izan zitekeela" azpimarratu du.
UPyD
Gorka Maneiro UPyDko bozeramailearen aburuz, Fiskaltzak hartutako erabakia "oso egokia" da, eta azpimarratu du EH Bildu sortu zenetik ari dela "ETAren ekintza kriminalak goratzen".