Politika -
Mintegiri ikerketa
Tejeriak bere 'kezka eta egonezina' helarazi dizkio Calparsorori
Legebiltzarreko presidentearen iritziz, Mintegi ikertzeko erabakiak “legebiltzarkideei zor zaien bortxa-ezintasuna kaltetzen du” eta horrekin baita "Legebiltzarraren funtzionamendu autonomia" ere.
Erredakzioa
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak bere "kezka eta egonezina" helarazi dizkio idatzi batean Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiari, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearen aurka abiatutako ikerketa dela eta.
Tejeriaren ustez, erabaki horrek "legebiltzarkideek bere funtzioen baitan berezkoa duten eta zor zaien bortxa-ezintasuna kaltetzen du" eta horrekin "Ganbara legegilearen funtzionamendu autonomia" ere urratzen duela gaineratu du.
Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak EH Bilduko bozeramailea den Laura Mintegiren aurka ikerketa abiatu du, joan den astean Legebiltzarrean egindako saioan terrorismoa goratu ote zuen argitzeko.
Martxoaren 14ko saioan, alegia, Fernando Buesa sozialistaren hilketak "jatorri politikoa" zuela eta "elkarrizketaren bidez saihestea posible" zela esan zuen koalizio abertzalearen bozeramaileak.
Bakartxo Tejeriak, gaur goizean burututako Bozeramaileen batzordean, Legebiltzarreko Mahaiari eta bozeramaileei jakinarazi die atzo jaso zuela EAEko fiskal nagusiaren idatzia. Bertan, Laura Mintegi legebiltzarkideak egindako adierazpenak Kode Penalaren 578 atalean tipifikatutako terrorismoaren goraipamena edo terrorismoaren justifikaziotzat har daitezkeen aztertu eta ikertzeko martxoaren 14ko osoko bilkuraren akta eskatzen zitzaiola adierazi du Tejeriak.