Politika -
Legebiltzarrean
Testu bat adosten ari dira EAJ, PSE eta PP, bakegintza saioari begira
EH Bilduk proposatuta egingo dute bakegintza eta normalizaziorako saio berezia ostiral honetan, Eusko Legebiltzarrean. Joan den astean bertan behera geratu zen Bakerako lantaldearen sorrera.
Erredakzioa
EAJ, PSE-EE eta PP alderdietako Legebiltzarreko taldeak testu bat adosten ari dira, ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean egingo duten bakegintza eta normalizaziorako saio bereziari begira. Hala, ''adostasun handiko zoru etiko minimo bat'' lortu nahi dute, joan den legegintzaldiko akordioak oinarri hartuta.
EH Bilduk proposatuta egingo dute saio berezia, joan den astean Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldearen sorrera atzeratu ondoren. PPren eta EH Bilduren arteko liskarrek eragin zuten erabakia.
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkide baikor agertu da, beste bi alderdiekin ''adostasun handiko zoru etiko minimo bat'' lortzeko. Joan den legegintzaldiko bakegintza eta elkarbizitza lantaldeak lanak utzitako ondorioak oinarri hartuta landuko dute estu hori, ''adostasun berriak bilatzeko lanean aurrera egin ahal izateko''.
Ostiraleko saioa alderdien arteko ''ika-mika'' ez izatea espero duela esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEk Legebiltzarrean duen bozeramaileak, gaiak duen garrantzia dela-eta.
Arantza Quiroga PPko bozeramaileak, bestalde, PPk ostiraleko saioa ''ETAren ekintza terroristen justifikazioa'' bihurtzea utzi ez duela aurreratu du, Quirogaren ustez, hori baiat EH Bilduren asmoa.
Gorka Maneiro UPyD alderdiko legebiltzarkideak ere saio horrek EH Bilduri zuzendutako mezu argia uztea espero duela esan du: ''Akordiorik eta eztabaidarik egongo ez dela, EH Bilduk ETA gaitzetsi eta disoluzioa eskatu arte''. Horren harian, EH Bilduri jarrera argia eskatzeko proposamena eramango du Maneirok Legebiltzarrera.
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak ez du bere alderdiak izan duen jarreraren inguruan asmorik aurreratu nahi izan.