Politika -
EAE-ko aurrekontuak
Mintegik eskua luzatu dio Urkulluri, "Aurrekontu berria egiteko"
EH Bilduko bozeramaileak bere taldearen laguntza eskaini dio lehendakariari, "krisitik ateratzeko balioko duen Aurrekontu berria egiteko bada".
Erredakzioa
Laura Mintegik berriro eskatu dio Eusko Jaurlaritzari duela zenbait egun aurkeztutako EAEko Aurrekontuetarako proiektua atzera botatzeko. Horrela eginez gero, koalizio subiranistaren laguntza eskaini dio "krisia gainditzeko balioko duen Aurrekontua egiteko".
Jaurlaritzak bere proiektuarekin aurrera jarraituz gero, EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko duen ala ez galdetuta, Mintegik ez du ezer argitu. "Jarrera sinplista da hori; Jaurlaritza garaiz dago Aurrekontuetarako zirriborro berri bat aurkezteko", nabarmendu du.
Mintegik gogora ekarri du Jaurlaritzak Legebiltzarreko talde guztiak aurka dituela, baita eragile sozialak eta sindikalak ere". Horrenbestez, "arduragabekeria izugarria litzateke kosta ahala kosta bere Aurrekontuarekin aurrera jarraitzea", erantsi du.
EH Bilduk uste du egungo testuinguru ekonomikoa gainditzeko "larrialdiko plana" abian jarri behar dela eta plan propio hori Espainiako Gobernuaren aurrean defendatu.
Jaurlaritzak bi aukera dituela esan du Mintegik: "Rajoyren Gobernuaren kontalari soila izatea edo euskal alderdi, sindikatu eta eragile sozialekin bat egin eta krisiari aurre egiteko politika bateratu propioaren alde egitea".
Alabaina, larrialdiko plan hori Jaurlaritzak aurkeztutako Aurrekontuarekin aurrera eramatea ezinezkoa dela esan du. "Murrizketen bidetik ezinezkoa da", gaineratu du.