Politika -

Epaia

Absolbitu egin dituzte Bilbon epaitutako EHUko bi irakasleak

Epaia ez da irmoa, beraz, "helegitea jar dakioke". Xabier Aierdi eta Enrique Antolin lehengo astean epaitu zituzten, Bilbon, ETAko bi deportaturi eskolak emategatik.

EHUko irakasleei epaiketa
EHUko irakasleei epaiketa
EHUko irakasleei epaiketa

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Aierdi eta Enrique Antolin Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak absolbitu egin dituzte. Iragan astean epaitu zituzten, Bilbon, ETAko bi deportaturi eskolak emategatik.

Epaitegiak esan duenez, epaia ez da irmoa, beraz, Bizkaiko Lurralde Auzitegian hamar eguneko epean "helegitea jar dakioke".

Gaur argitaratu den epaiaren arabera, irakasleek ez zuten deliturik egin egoera akademiko berezian dauden ikasleen zerrendan bi deportatu edukitzeagatik, egoera horri "horrela etorri zitzaielako".

Deportatutako ikasleentzat araudirik ez zegoenez,  Egoera Bereziko Ikasleen Sistemari jarraitu ziotela esan du epaileak, "preso zeuden ikasleentzat zegoen araudi bakarra".

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean Gonzalez Peñalvak eta Letek izena eman zutenean, "ez EHUko inork, ez irakasleek, ezta beste taldeetako langileek ere" ez zutela "ustezko irregulartasun baten susmorik izan" dio epaiak.

Orduan errektore zen Pello Salaburuk gainera, presoekin jarraitzen zuten sistema bera ezarri behar zitzaiela uste zuela esan zuen epaiketan.

Horregatik guztiagatik, klaseak behin matrikula eginda zutenean eman zizkietela ondorioztatu du epaileak, eta "katedra askatasunari eutsiz" eurentzat egokiena zen ebaluazioa jartzea erabaki zutela; gehienetan, lanak aurkeztuz.

EHU, pozik

Absoluzioaren berri izan ostean, EHUk poza azaldu du, "Unibertsitatearen barruan jarrera irregularra adierazi nahi zuen polemikan garrantzi handiko pausoa delako".

Epaiak bi irakasleen jarduera, eta unibertsitate osoarena, "bidezkoa" izan zela egiaztatzen duela azpimarratu dute.

"Euskal Herriko Unibertsitatea pozik dago epaiarekin, bi irakasle hauen jarduna egokia izan zela berresten duelako, eta horienarekin batera, Unibertsitate osoarena".

EHUk Zuzendaritza Kontseiluaren eta Gobernu Kontseiluaren bidez bi irakasleek "euren eginkizunekin bete baino ez zutela egin " aldarrikatu du hainbatetan, "erakundeen esparruaren barne eta ikasle talde horrek dituen hezkuntza eskubideak bermatuz".

Enrique Antolin eta Xabier Aierdi irakasleen aurkako epaiketa iragan astean bukatu zen, Bilboko Zigor Arloko 1. epaitegian.

Inhabilitazio  eskaera

Fiskaltzak eta akusazioek (AVT eta Terrorismoaren aurkako Ahotsak elkarteak) zortzi eta bederatzi urte arteko gaitasungabetzea eskatu zuten, Belen Gonzalez Peñalva eta Angel Maria Lete ETAko kide deportatuei unibertsitatean ikasten uztea egotzita. Defentsak errugabe jotzea eskatu zuen.

Ministerio Publikoaren eta akusazioen esanetan, epaiketan "frogatu" egin zuten irakasleek mantendu egin zituztela ETAko kideak presoentzako ikasketa programetan, preso ez zeuden arren.

Antolinek eta Aierdik epaiketaren lehen egunean azaldu zutenez, eurek tutoretza eman zieten ETAko kide deportatuei, baina ez zuten horien matrikulazioa kudeatu. "Behartuta geunden eskolak ematera", nabarmendu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak bideoak Irakasleen albisteak