Politika -

Nafarroa

Barcinak hauteskundeak aurreratzea baztertu du

"Une honetan" hauteskundeak deitzea ez dela ona adierazi du Barcinak eta Nafarroaren egonkortasunerako akordioak adosteko esfortzua egiteko eskaera egin du.

Yolanda Barcina, Nafarroako presidentea. EFE
Yolanda Barcina, Nafarroako presidentea. EFE
Yolanda Barcinak ez ditu hauteskundeak aurreratuko

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak hauteskundeak aurreratzeko aukera baztertu du.

Nafarroako presidentearen hitzetan, "une honetan hauteskundeak aurreratzea ez da ona geure erkidegoarentzat, hori dela eta, egonkortasunerako akordioak lortzeko esfortzua egin behar dugu, eta ni izango naiz horretan lehena", adierazi du Barcinak.

PSNrekin Nafarroari egonkortasuna emango dion akordio bat hitzartzeko aukerarik ba al den galdetu diote astearte honetan kazetariek Barcinari, izan ere, Nafarroako sozialistek bere dimisioa eskatzen jarraitzen dute.

PSNren jarreraren inguruan zera adierazi du Barcinak: "Akordio horiek adosten saiatuko gara, izan ere, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak duela gutxi esan bezala, akordioetara heltzen ez bagara erkidego honetako indar politiko guztiek porrot egingo dugu".

Barcinak esan duenez, bera izango da akordio horiek adosten ahaleginduko duen "lehena", hauteskunde batzuek "benetako arazoak konpontzen" ez dutela lagunduko argudiatuta. "Arazo asko" daudela azpimarratu du, eta "arazo nagusia langabezia" dela erantsi du.

PSNk Enplegu Mahaian parte hartzeko egindako eskaeraren harira, Barcinak adierazi du "horretan" esfortzua egingo dutela, eta gogoratu du, UPNk Enplegu Mahaia sortzeko sozialistek egindako proposamenaren aldeko botoa eman zuela.

 

Catalanen erantzunik ez

Alberto Catalani UPNko exekutiba berriko kide izateko egindako eskaintzaren inguruan oraindik ez duela erantzunik jaso adierazi du Yolanda Barcinak. UPNk batzarra egin zuen igandean, eta Barcina hautatu zuten berriro alderdiko presidente.

Nolanahi ere, Barcinak alderdian "kongresu demokratiko bat" izan dutela azpimarratu du. "Batzarra amaitu da, eta niretzat orain ez daude beste batzuk, guztiok gara UPN eta elkarrekin lan egin behar dugu geure aurkari nagusiak oposizioko taldeak baitira" esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea