Politika -

Elkarrizketa

Errenteriako alkatea: 'Konfiantza indartu behar da aurrera egiteko'

Julen Mendozaren esanetan, hortik aurrera "urratsak egingo ditugu pixkanaka" bake prozesuan, "zailtasunekin, baina oztopoak gaindituz, borondatea dagoelako".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julen Mendoza (Bildu) Errenteriako alkateak adierazi duenez, bake prozesuan aurrera egiteko alde guztien arteko "konfiantza indartu behar da" eta Errenteriaren kasuan, "zailtasunekin, baina borondatea dagoenez oztopoak gaindituz" normalkuntza politikora eta elkarbizitzara bidean pausoak ematea lortu dute.

Mendozak Errenterian egindako 'Eraikiz' ekimena izan du hizpide Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Udaleko alderdi politiko guztiek parte hartu zuten ekimen horretan eta mahai-inguruak egin zituzten, gatazkari, iraganeko prozesuei eta elkarbizitzari buruzko hainbat dokumental, pelikula eta antzerki bat ikusi ostean.

Mendozak azpimarratu duenez, herriko alderdi politiko guztien "borondateari" esker lortu dute proiektua garatu ahal izatea.

"Gure herriaren etorkizuna alderdien arteko harremanen mende dago hein handi batean, eta ekimena aukera paregabea zen gogoetarako testuinguru bat eratzeko", gaineratu du.

Horren harira, "alde guztietako sufrimendua bizi izan duen herri batean, oso garrantzitsua" izan omen da "urrun ikusi dugun sufrimendura gerturatzea".

Gainera, Jose Luis Caso ETAk hildako Errenteriako PPko zinegotziaren alargunari "bihotzez barkamena" eskatu ziola gogorarazi du.

Ardura

Alkateak azpimarratu du politikariek "akordioetara iristeko ardura" dutela: "Komunean ditugun testuinguruak bilatu behar ditugu, ezer ukatu gabe eta dena onartuz; bestela, etorkizuna ez dago bermatuta".

"Ekimena alderdi guztiek babestean dago gakoa. Errenteriako PPren aldetik borondatea egon da eta eskertzen dut PPko zinegotziak prozesu honetan izan duen ausardia. Bi aukera zeuden: ezinikusia eta aurrera ez egitea, edo eraikitzen saiatzea. Iragana presente izan behar dugu, baina iraganak ez dezala etorkizuna baldintzatu", adierazi du alkate abertzaleak.

Ekimena, Euskal Herri mailan

Errenterian garatutako ekimena Euskal Herri mailan egiteko aukeraz galdetuta, Mendozak esan du "egokia" litzatekeela, zeren "etorkizuna desberdinen arteko akordioan baitago, eta Errenteriako esperientzia gizartea eskatzen ari denaren isla dela pentsatzen dut".

Hala ere, udalerri mailan egitea errazagoa dela aitortu du, "hedabideetako polemikatik eta fokuetatik urrun" daudelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errenteria bideoak